Zaldibiarrak udazkeneko festaldian hasteko prest
Bihartik igandera ospatuko dituzte Zaldibiako jaien aurreneko lau egunak. Mozorrotuen eguna da larunbata. Bigarren ekinaldia urriaren 11-12rako antolatu dute.
Emakume zaintzaileek jaurtiko dute, bihar iluntzean, Zaldibiako jai nagusiak hasteko txupina. Zaintzaren gaia «erdigunean» ipintzeko, Ximurrak xamur egitasmoan garatzen ari diren estrategia azaleratuko da horrela, eta menpekotasuna dutenak edo zaharrak zaintzen dituztenei –emakumeak, gehien-gehienetan– aitortza egingo diete. Sei eguneko egitaraua prestatu dute Festa Batzordeak eta herriko hainbat eragilek eta elkartek. Lehenbiziko lau jardunaldiak ostegunetik igandera izango dira, eta, azken urteetako ohituran, bigarren saioa urriaren 11-12an ospatuko dute, kuadrillen eguna ardatz hartuta.
Olaldetik plazara kalejira egingo dute, lehenengo. Goiztiri txarangak, Txanboliteroek, erraldoiek eta dantzariek parte hartuko dute. Txupinaren ondoren, mondeju zuria probatzeko aukera egongo da, eta Itzal taldeak girotuko du lehen dantzaldia.
Musika kontzertu ugari izango dira. Ostiralean, Xavi Serra i el Cor de la Festa talde kataluniarrak joko du. Obrint Pas taldeko abeslaria izandakoaren proiektu berria da, Herrialde Katalanetan katalanezko musika lantzen duena. Tintz DJak jarraituko du gau-giroa. Larunbatean, Zutik elektrotxarangak iluntzean eta Trikidantz taldeak gaueko erromeria joko dute.
Mozorrotzeko festa
Aurreneko festaldiaren ardatza larunbateko mozorroak izango dira. Arrozak eta paellak prestatuko dituzte eguerditik, kale-giroa egun osoan zabal dadin. Biharkoa, berriz, haurrei zuzendua da. Barrakak euro batean edukiko dituzte, egun osoan.
Berritasun bat boxeo jaialdia da, bihar 18:30ean Restin. Zaldibiako Gazte Asanbaldak eta GKS-k antolatu dute.
Igande eguerdian, Aniztasun Festa egingo dute, Etxekonekok antolatuta. Herrian dauden kulturen erakustoki izango da plaza, jaki, kantu eta dantzak bitarteko.
Pilota jaialdia jarri du Gaztelupek. Mantzizidor-Zugasti eta Landa-Alberdi kadeteak, eta Azketa-Oliden eta Irribarria-Garmendia afizionatuak ariko dira.
Bihar, urriak 3
- 18:30. Kalejira, Olaldetik.
- 19:00. Txupinazoa.
- Gero. Erraldoiak, buruhandiak.
- 20:00. Mondeju dastaketa.
- 23:00. Itzal taldea.
Ostirala, urriak 4
- 11:00-13:00. Zirku ikastaroa.
- 11:30. Toka lehiaketa eta jubilatuen hamaiketakoa.
- 17:00. Play-back kantaldia, merienda eta disko festa.
- 18:30. Boxeo ikuskizuna, Restin.
- 20:00. Maribatumore batukada.
- 23:30. Xavi Sarria i el Cor de la Fera musika taldea.
- Ondoren. DJ Tintz.
Larunbata, urriak 5. Mozorroak
- 12:00. Paella prestaketa eta mozorrotuen bilkura, plazan.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ondoren. Malkogarriyak taldea.
- 20:00. Zutik elektrotxaranga.
- 00:00. Trikidantz taldea.
Igandea, urriak 6
- 11:00. Txanbolintero txistulari taldearen goiz eresia.
- 11:45. Oihana Iguaran eta Amets Artzallus bertsolariekin eta herriko trikitilariekin erronda.
- 12:00-14:00. Aniztasun festa.
- 17:00. Iztueta dantza taldea.
- 18:30. Pilota partidak, Restin.
Urriak 11, ostirala
- 17:00. Pilotako finalak.
- 19:00. Elkarretaratzea.
- 19:30. Patata-tortilla lehiaketa.
- 21:00. Afaria, tortillekin.
- 22:30. Bingoa.
- 23:30. After Egurra ta Kitto taldea.
- Ondoren. DJ Expuela.
Urriak 12, larunbata. Kuadrillak
- 11:00. Txistularien goiz eresia.
- 11:30. Sega saioa, Mugertzan.
- 11:00-13:30 eta 16:30-19:30. Puzgarriak haurrentzat, Restin.
- 13:00. Kuadrillen irteera, Jundajo txarangarekin.
- 14:30. Bazkaria, plazan.
- Ondoren. Jokoak eta kalejira.
- 20:00. Mexikortxo mariatxiak.
- 23:30. Aker Beltz taldea.