Aktiba zaitez, Zuhaiztin
Ordiziako Zuhaiztin guztira 23 aktibitate antolatu dira aurten, hiru arlo nagusitan banatuta: kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, Informazioa eta komunikazioa, eta Osasuna eta ongizatea.
Ordiziako Zuhaizti zentroak datorren astean hasiko ditu urteroko ikastaroak eta ekintzak, ‘Aktibatu zaitez’ izenburupean. Urtero 300 eta 400 lagun artean izaten ditu adinekoen artean ikastaro eta aktibitate ezberdinak bultzatzeko egitasmo honek. Jon Ander Caballero Ordiziako zinegotziaren esanetan, “adineko herritarrak ere aktibo mantentzea garrantzitsua” da. Horren harira, Zuhaizti zentroak “oso aukera zabala” eskaintzen duela azpimarratu du, “kiroletik eta ongizatetik hasi eta informatika ikastaroetaraino”.
Ordiziako heldu eta adinekoentzat (jubilatuak eta pentsiodunak) guztira 23 aktibitate antolatu dira aurten, hiru arlo nagusitan banatuta: kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, Informazioa eta komunikazioa, eta Osasuna eta ongizatea. Zuhaiztiko bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere, kuotaren %20ko igoera batekin.
Aurtengo berrikuntza da La Caixaren eta udalaren arteko hitzarmenari esker, Zuhaiztin informatika eta komunikazio ikastaroak antolatuko dituztela. Teknologia berrien egunerokotasunean aplikatzeko oinarrizko tresnak eta aurreratuak eskainiko dira formazio ibilbide jarraiarekin. Astelehen eta asteazkenetan, 15:00etan, Egin tramiteak Interneten bidez (urriaren 9tik azaroaren 4ra), Komunikatu sarearen bidez (azaroaren 6tik abenduaren 4ra) eta Online Banka (abenduaren 9tik 16ra) gaiak landuko dituzte. Egun berdinetan, 17:30ean berriz, gogoratzeko irudiak (urriaren 9tik azaroaren 6ra), prestatu zure irteera (azaroaren 11tik abenduaren 4ra) eta Whatsappa (abenduaren 9tik 16ra).
Autonomia tailerra (asteartea, 17:30), lagunen arteko irakurketa tailerra (astelehena, 18:30), Biodantza abendura arte (astelehena, 18:30), Gure emozioak kudeatzen ikastea (hamabostero, osteguna 17:30), adimena lantzen (astelehena, 15:30, 17:00), euskara eskola (astelehena eta ostirala 16:00), abesbatza (asteartea 10:30), eskulan tailerra (osteguna, 17:30), areto dantzak (asteazkena (16:00, 18:00), jarduera fisiko lasaia (asteartea eta osteguna 16:00-16:45), pilates (astelehena eta asteazkena, 10:15) eta erlaxazioa-yoga (astelehena eta ostirala, 16:00-17:00).
Informazioa eta izen ematea, Ordiziako Zuhaizti jubilatu eta pentsiodunen elkartean edo 943 88 92 88 telefono zenbakian. Bulegoko ordutegia: asteazkenak eta ostegunak, 10:30etik 12:30era.
Zuhaizti zentroan aste honetan hasi dituzten lanak direla eta, programak eta ikastaroek aldaketak izan ditzakete.