Legazpiko mintzalagunek bihar hasiko dute ikasturtea
Euskara lagun artean praktikatu eta jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak dira mintzakideak. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete euskaltegian.
Legazpiko mintzalagunek bihar, urriak 4, hasiko dituzte mintza-saioak. 11:00etan elkartuko dira azokan erosketak egiteko, eta bertako baserritarren errealitatea gertutik ezagutzeko. Gero, bazkaria egingo dute Telleriarteko Uztarri elkartean.
Mintzalagun berriek izena eman dezakete 843 74 00 90 zenbakian edo Udal Euskaltegian.
Mintzalagunak astean behin, ordubetez elkartzen dira, lau-bost laguneko taldeetan, giro lasaian euskaraz hitz egiteko. Taldean gidari bat egoten da, euskaraz hitz egiteko ohitura duen laguna da, eta taldekideei laguntzeko prest egoten dena. Besteak mintzakideak dira, hau da, euskara praktikatu nahi dutenak eta jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak. Asteroko topaketa horiek lagun artean euskaraz lasai hitz egiteko gune bat dira.