Pandemia herri narratiban jasoa
Ordiziako Udalak 2022ko martxoko Udalbatzaren Osoko Bilkurak konpromisoa hartu zuen COVID-19ak ekarri zuen pandemiak herrian utzi zituen bizipen ezberdinak aztertu, jaso eta argitaratzeko. 'Pandemian Bizi' dokumentua da emaitza, ordiziarrek eta eragileen bizipenak partekatzearen ondorioa.
Pandemiaren inguruko Ordiziako kontakizuna Farapiko Nerea Elias eta Maria Ajuria kideen laguntzarekin osatu dute ordiziarrek. Enpatia ariketa garrantzitsua egin dute horretarako, pandemian bizitako egoeren herri narratiba anitz bat jaso eta idatzi ahal izateko. Festen aurretik prozesuan parte hartu dutenei Pandemia Bizi aurkeztu ondoren, bihar, 11:00etan, batzar aretoan, gainerako herritarrei aurkeztuko diete. Udalaren webgunean pdf formatuan eskura daiteke.
62 herritarrek eta eragilek hartu dute parte prozesuan. Zortzi bloketan egiten dituzte lan saioak: udal ordezkari eta zerbitzuetako langileekin, egoera zaurgarrian zeuden ordiziarrekin, gurasoekin, boluntario sareko kideekin, Stop Pasaporte Covideko kideekin; covidaren ondorioz larriki gaixotu edo senitartekoren bat galdu zuen jendearekin eta osasun zerbitzuetako langileekin, zaintza zerbitzuetako langileekin eta merkatariekin eta ostalariekin. «Planteatu genituen zortzi hausnarketa saio, perfil desberdinetako herritarrekin, taldeka, helburua zelako ere elkarrizketa horiek abiatzea. Norbere bizipen eta egiatik kontatu beharrean, elkarrizketa bat irekitzea pertsona desberdinen artean», dio Nerea Eliasek.
Hitz egiteko espazioa
Testigantzen jasotze hutsetik harago joan nahi izan dute Farapikoek, «pandemia oso modu desberdinean bizi izan genuenon artean, elkarrekin hitz egiteko espazio bat sortzea posible zen ikustea» ere baitzen helburua. «Azkenean, gure abiapuntua zen pandemiak asko polarizatu gintuela gizarte bezala, horrek ez duela laguntzen herri baten kohesioan, komunitategintzan… eta nahi genuen horren inguruko hausnarketa bat egin». Farapitik «tentu handiz» saiatu dira testigantzak jasotzen, «errespetu handiarekin… herri narratiba bat baina ahots askotariko narratiba bat osatzen. Parte hartu duten guztiak oso pozik geratu dira eta guretzat inportantea izan da oso».
Elkarrekin asko ikasi dutela aitortu du Maria Ajuriak. «Zaila zen gai batzuen inguruan hitz egitea, baina denbora bat pasatutakoan errazagoa zela ikusten genuen. Enpatia ariketa bat egitea ere bilatzen genuen, desberdin pentsatzen zutenak eseri eta bakoitzak nondik bizi izan zuen hitz egin».
Zauriak sendatze bidean
Dokumentua ere horrela antolatu dute: «Oso bizipen desberdina bizi izan zuten jendea, garai bera bizi izan zutena, testuinguru geografiko berean, oso toki desberdinetatik, baina erredaktatu dugunean begirada izan da puntu komunak topatzea, enpatia, bestearen tokian jartzeko gaitasuna… Iruditzen zaigulako horrelako beste zerbait gertatzen bada, agian ez da beste pandemia bat, baina beste krisi bat… hortik eraiki behar dugula eta elkar ulertu».
Farapikoen ustez, «zauri batzuk sendatze bidean jartzen» lagundu du. «Osasun langileekin, edo norbait galdu zutenekin… hasieran kostatu egin zen. Haiengandik jaso duguna kontrakoa izan da, eskertza bat, aukera eduki dutela gaiaren inguruan goxo hitz egiteko beste pertsona batzuekin partekatzeko. Puntu terapeutiko moduko bat ere eduki du. Herri narratiba bat ez da sortzen herritarrek ez badute hitz egiten. Gehienen kasuan ez zen erraza izan hainbat gairen inguruan hitz egitea».
Ordiziak ezaugarri bereziak
Arlo askotan edozein herritako kontakizuna izan badaiteke ere, Ordiziak pandemian «ezaugarri bereziak» bizi izan zituela gogorarazi dute: «Erresidentzian gertatu zena, foku mediatikoan egotea… agian beste herri batzuetan izan ez ziren ezaugarri batzuk izan ziren Ordizian. Ezberdina izan zen zerbait». Eliasek gaineratu duenez, «egoera gogorragoa egin zutenak gertakizunak izan ziren Ordizian. Heriotzena, egoitzako notiziak nola iristen hasi ziren, kaleak eskelaz beteta… hor badago oso bizipen partikular bat Ordizian».
Gazteak eta haurrak
Lanarekin oso gustura geratu dira, baina pena bat badute: «Zuzenean ez genuela haurren eta gazteen ahotsa jaso. Arantzatxo txiki hori geratu zaiguHaurrena gurasoen bitartez jaso genuen, baina seguru ez dela berdina; eta gazteena boluntario sarean gazte batzuk zeuden». Gazteak «oso epaituak» izan ziren gainera pandemian, «eta hori badago jasota, gazteengan ere nola jarri zen fokua, eta gauza askoren errudun egin zituztela».l
Liburuaren egitura
Lehen inpaktua eta konfinamendua: 2020ko martxoak 9-apirilaren 28.
- Bizitzak hankaz gora: Lehen inpaktua.
- Kirioak dantzan: Beldurraren bizipena.
- Egoitzetatik zetozen notiziak: San Jose egoitzako brotea.
- Diru sarrerak kolokan daudenean: Enplegua eta lana.
- Etxe beteak eta kale hutsak: Etxeratze agindua.
- Babesten duen herria: Elkar zaintza eta elkartasuna.
- Bizilagunak inoiz baino gertuago izan genituenekoa: Bizilagunen arteko harremana.
- Jolas txikietan: Haurtzaroa pandemian.
- Pantaila bidezko besarkadak: Harreman birtualak.
Deseskalada eta normaltasun berria: 2020ko apirilaren 29tik abenduaren 31ra.
- Barneratutako distantziak: Kalea eta harremanak berreskuratzeko aukera erlatiboa.
- Normaltasun berrira ezin iritsi: Bizitza-proiektuei eta egunerokotasunari eustea.
- Lanak, telelanak eta beste hamaika komeri: Enpleguaren egoera.
- Gaixotzea baino gehiago: Positiboak eta berrogeialdiak.
- Neurtu ezin diren neurriak: COVID-19a menperatzeko hartutako neurrien balorazioa. ç
- Irribarreak ezkutuan: Maskararen erabilera.
Txertoaren ondorengo epea: 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 5era.
- Eta txertoak iritsi ziren: Txertaketa kanpainaren hasiera.
- Txanponaren alde biak: Gazteak pandemian.
- Herritarrak fokupean: Komunikabideen jarrera.
Larrialdiaren amaiera fasea: 2021eko urriaren 6tik 2022ko martxoaren 14ra
- Ezinean eutsi zutenak: Osasun sistemaren egoera.
- Mugak estutzen: Covid pasaportea.
- Etendako harremanen itzalak: Distantzia irautea.
- Gu ez gaude ados: Desadostasunak adieraztea.
- Memoriaren zirrikituak: Gertatutakoa ez dezagun ahaztu.