Asteazkenean hasiko dira Antzizarko biribilguneko obrak
Bide segurtasuna hobetzea eta trafikoa arintzea lortu nahi dira biribilgune berriarekin. AP-636 errepide gaineko pasabidea birgaitzeko lanak esleitu dira.
Asteazkenean hasiko dira Antzizarko biribilguneko obrak. Hala jakinarazi dute Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta Leire Artola Beasaingo alkateak gaur goizean. Obra hasi aurretik, Beasainen elkartu dira bi erakundeetako ordezkariak, egingo diren hobekuntza lanen xehetasunak emateko.
Beasaingo sarrera-irteera nagusietako bat izateaz gain, eskualde osorako trafikoaren banaketa egiten duen bidegurutzea da honakoa, beraz, trafiko dentsitate asko jasaten du. Hori dela eta, “estrategikoa” da bidegurutzearen ordez, biribilgunea egitea, “bide segurtasuna eta trafikoa arintzea lortuko direlako” nabarmendu du Felix Urkolak. “Biribilgune berriarekin trafikoa hobeto antolatuko da”, eta “herriguneko eta industriaguneetarako irisgarritasuna hobetuko da, erabiltzaileen segurtasuna nabarmen handituz”, osatu du diputatuak.
Lanak 599.902 eurotan esleitu dira eta lau hilabeteko epean gauzatzea aurreikusi dute. Aurreratu dutenez, lanak iraun bitartean, trafikoa ez da etengo.
Leire Artola alkateak “aspaldiko eskaera bati erantzunez, bidegurutze gatazkatsu honi konponbidea ematea eskertu” dio Aldundiari. “Herri sarrera garrantzitsu bat da honako hau eta inguruko herrietatik datorren trafikoak bat egiten dute bertan. Gainera, Loinazpe ikastetxea eta kiroldegia daude gertu. Trafiko dentsitate handia duen bidegurutze bat da, eta bide segurtasuna hobetzea lortuko da biribilgune berriarekin”, adierazi du Beasaingo alkateak.
Era berean, District Heating proiektuan aurrepausoak eman ahal izango dira biribilguneko obra burutu bitartean. Estandako bero soberakina erabiliz Antzizar kiroldegiko klimatizazio sistema hobetzea ahalbidetuko du District Heating. Beharrezko hoditeria ipiniko dute.
Biribilgunearen ezaugarriak
Bidegurutzearen lekuan egingo duten biribilguneak, 34 metroko diametroa, sei metroko zabalera, eta bederatzi metroko barne erradioa izango du. Adar bakoitzak 4 eta 4,5 metroko sarrera eta irteerako erreiak izango ditu, hurrenez hurren. Ezaugarri horiei esker eta biribilgune zapalgarria izango delako, ibilgailu bereziek ere ez dute zailtasunik izango biraketa-maniobra egiteko.
Biribilgunea egitearekin batera, gaur egun dauden irlatxoak kenduko dituzte, eta bidearen maldak aldatuko dituzte, errodadura geruza erabat berrituz. Argiztapena eta seinaleztapena berrituko dituzte, eta balizamendua eta inguruko defentsak indartuko dituzte.
AP-636 errepideko pasabidean hobekuntzak
Azpiegitura honen berrikuntza lanekin batera, Beasainera egindako bisita baliatu du Urkolak AP-636 errepideko pasabide goratua konpontzeko egingo diren lanen berri emateko ere. Pasabide honek, bao bakarduna eta bi noranzkokoa, etxebizitza bat eta mendiko pista batzuk lotzen ditu. Bidegik bere gain hartuko du obraren kostua, 356.000 euro (BEZ barne) eta bost hilabetetan amaitzea aurreikusi dute.