EH Bilduk eta Legazpiko Berdeek 2025eko ordenantza fiskalen aurka emandako bozka azaldu dute
OHZ Ondasun Higiezinen Zergan hutsik dauden etxebizitzei ezartzen zaien errekargua kendu izana, zabor tasan %17ko igoera aplikatzea, eta kiroldegiko abonuak igotzea dira arrazoietako batzuk.
Legazpiko udal zergetan eta tasetan %2,8ko igoera izango da datorren urtean, iraileko plenoan EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin ordenantza fiskalak onartuak izan eta gero. Ordenantza fiskal berrietan, hutsik dauden etxebizitzei kontribuzioan edo OHZ Ondasun Higiezinen Zergan ezartzen zaien errekargua kendu da, zabor tasan %17ko igoera aplikatu da, eta kiroldegiko abonuak igo dira.
Puntu horien inguruan dituzten desadostasunak bultzatuta, besteak beste, kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta Legazpiko Berdeek, eta bi alderdietako bozeramaleek azalpenak eman dituzte kontrako bozka horien inguruan.
Hobari sistema desberdina
Edurne Gonzalezek azaldu duenez, EH Bilduren iritziz “kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko” dira udalek zerga eta tasen bidez lortzen dituzten diru sarrerak, eta “politika fiskala definitzeak sakoneko eztabaida bat eskatzen du, proposamen fiskal justu eta progresibo baten bidez, udal aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko”. Ikuspuntu horretatik aztertu zuen alderdi abertzaleak 2025era begira “zer egin udal zerga eta tasekin”, eta hainbat ekarpen egin zituen. Batetik, “hobari sistema progresiboa martxan jartzea eta horrela, zerbitzuekiko irisgarritasuna unibertsalizatzea” hau da, “gaitasun ekonomikoaren araberako hobari sistema, errenta maila baxuetan eragin handia izango lukeena”. Bestetik, udalak zuzenki kudeatzen ez dituen zerbitzuetan laguntza sistema bat sortzea ere proposatzen zuten, besteak beste, helduen hezkuntzarako, eskola eta kirol federaturako, marrazketarako eta edo musika esaterako. Baina gobernu taldeak ez zituen aintzat hartu.
Horren harira, aurrera atera diren ordenantza fiskalak gobernu taldeak egindako “proposamen teknokrata” bat dela dio, “dirua biltzeko helburu bakarra” duena, eta “herritarren beharrak eta egoera inondik inora kontuan hartzen ez dituena”. Gainera, “azken urteetan egindako politika fiskal okerra” agerian uzten dutela erantsi du, “aurreko legealdian zergak izoztu izanak kolpeko igoerak ekarri dituelako”, OHZn %3,5ekoa, adibidez.
Datorren urteari begirako %2,8ko igoera orokorrari buruz, “%2ko igoera egokiagoa” litzatekeela dio, ” hemendik eta urte bukaerara ekonomiaren atzerakada bat” espero delako, eta soldatak eta pentsioak %2 baino gehiago igo diren arren, igoera horiek “ezerezean” geratu direlako inflazioaren ondorioz.
Etxebizitza hutsen gaineko errekarguari buruzko iritzia ere plazaratu du EH Bilduk, “kendu egin dute, etxebizitzaren gaineko arazoari erantzuteko ekintza plan bat zehaztu gabe”. Eta kiroldegiko abonuaren berregituraketa ere azpimarratu dute, “zerbitzu berdinekin, herritar baten abonu arrunta %20 garestiagoa izango da urtean”. Bilduren ustez, “ez dira zerbitzuak infrabaloratu behar eta oreka bat egon behar du, baina, orain arte egon den prezio politika ezin da kolpean aldatu, gainontzeko alderdi, erabiltzaile eta eragileekin hausnarketa eta eztabaida sustatu gabe”.
Etxebizitza eta hondakinak
Legazpiko Berdeek, bestalde, hutsik dauden etxebizitzei kontribuzioan ezartzen zitzaien errekargua kentzeagatik eta hondakinen bilketarako tasa igotzeagatik eman dute kontrako bozka, taldeko bozeramale den Alberto Bezunarteak azaldu duenez.
Lehen puntuari buruz esan du ez dutela “alternatibarik eskaini Legazpin etxebizitzaren alorrean dugun arazo larria konpontzeko”. Legazpin 212 etxebizitza huts daude, eta horiei ezartzen zaien errekarguarekin udalak gutxi gora behera 20.000 euro biltzen dituela gogoratu du. Berdeen proposamena errekargua %50etik %150era igotzea izan zen, “foru araua aldatu denetik horretarako aukera badagoelako, eta gainera, Aldundia eta Jaurlaritza udalei ari zaizkielako esaten baliatu ditzatela eskura dituzten tresna guztiak etxebizitzak alokairurako zein erosketarako merkatura ateratzeko”. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programan parte hartzeagatiko hobaria %99ra igotzea ere proposatu zuten. Neurri hori bai, jaso da ordenantza berrietan.t
Hondakinen bilketaren tasaren igoerarekin ere ez daude ados Berdeak taldekoak, eta hori ere izan da ordenantza fiskalen aurka bozkatzeko arrazoia. Bezunarteak gogoratu du lege berria sartu dela indarrean, udalak derrigortzen dituena defizita sortzen ez duen tasa bat ezartzera, “baina neurri gehiago hartzeko ere eskatzen du: hondakinen bilketa sistema pertsonalizatuak ezartzeko, hondakinen sortze kopuruaren araberako tasa aplikatzeko, edo hondakin mota askoren frakziozko bilketa sistema jartzea indarrean”. Legazpiko Udala “tasa igotzean bakarrik zentratu da, eta legeak derrigortzen dituen beste gaiak baztertu egin ditu”. Konpostaje sistema ekarri du gogora Bezunarteak, eta gobernu taldeak hori bultzatzeko kanpainarik martxan jarri ez izana salatu du, “guretzat hondakinen bilketa egokia egiteko hain garrantzitsua den hondakin organikoaren kudeaketari ez diote eman behar adina garrantzia. Urte asko daramatzagu gai honekin, hiltzen utzi dute Bilduk bere garaian martxan jarritako konpostaje komunitarioa, ez dute ezer egin”.
Etxebizitzaren gaira itzulita, OHZn etxebizitzen hobekuntza energetikoa kontuan hartzen duen hobaria aplikatzea ere eskatu zutela adierazi du Berdeak taldeko zinegotziak. “Eraginkortasunaren araberako sailkapen ba egitea proposatzen genuen, eta eraginkortasun maila igotzean aplikatzea hobari hori”, baina gobernu taldeak ez du onartu, “esanez ez dakitela zein eragin izango lukeen. Dena “ekonomikoni” neurtzen dutela dio Bezunarteak, “ez dute kontuan hartzen eraikin bat energetikoki eraginkorragoa izateak duen ikuspegi ekologikoa eta ingurumenarentzako onura”.