Elbereth taldeak 'Omen' lana kaleratu du
Musikari legazpiarrek gaur jarri dute salgai CDa eta liburua biltzen dituen lana, taldearen ibilbide luzean sortu duten bosgarrena. Heavy metala ardatz dutela, taldearen lagunak ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi omendu nahi dituzte.
Sare sozialen bidez aurrerapen txiki bat aurkeztu ondoren, kalean da dagoeneko Elbereth taldearen Omen. CDa eta liburua biltzen dituen lana da, Legazpiko musika taldearen bosgarrena. Heavy metala ardatz, taldearen lagun ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi omentzen dituzte bertan. Haiei eskainitako lana da.
Omen salgai dago 20 euroan betiko tokietan, taldekideekin harremanetan jarrita, edo kontzertuetan. CDa osatzen duten bederatzi abestiak, berriz, musika plataforma digitaletan daude entzungai gaurtik, eta lehen bideo klipa bidean da.
Aspaldiko formazioarekin osatu du bosgarren lan hau Elbereth taldeak. Aritz Legorburu (baxua), Ruben Sanchez Rufo (gitarra), Iker Manso (gitarra eta ahotsa), Xabier Etxeberria (bateria) eta Julen Albizu (gitarra) dira gaurko Elbereth, baina Omen lanean kolaboratzaile ugari izan dituzte, libururako, zein diskorako.
Andoni eta Iñurri, taldearen lagunak
Lan hau ez da hutsetik sortu, aspaldiko ideia zen, Rufok azaldu duenez: “Liburua eta CDa egitea lehendik genuen pentsatuta, eta justu Andoni eta Iñurrirekin hasi ginen proiektu horri bueltak ematen. Baina gertatu zena gertatu zen [auto istripuz hil ziren biak, iazko martxoan], eta orduan liburua haiei eskaintzea erabaki genuen, haien bizitza, haien ideiak, haien injustiziaren inguruko begirada… jasota. Abestiak ere zentzu horretan egindakoak dira, eta haiei buruz hitz egiten dute, edo haien pentsamoldeaz”. Bederatzi abesti dira, eta abesti bakoitzak du liburuan kapitulu bat. Marrazkiak, komikiak, argazkiak eta hitzak uztartzen dira bertan.
Omen izenburuak berak azaltzen du lanaren helburua. “Andoni ia gure kontzertu guztietara etortzen zen, nahiz eta haren musika gustuak gure musikaren kontrakoak ziren”, gogoratu du Rufok, kanpora jotzera joaten zirenean ere laguntzen ziela erantsi du Legorrek, “gozada bat zela esaten zuen, gure musika ez zitzaiola gustatzen, baina kontzertuetan eta gurekin oso ondo pasatzen zuela”. Iñurri beranduago elkartu zitzaien, Andoniren lagun handia bihurtu zenean, eta zuen bertsolari sena jarri zuen taldearen eskura. “Nik ez dut ezagutu nire inguruan horrelako jende gehiago”, dio Rufok, “ondoan genituen bi tipo hauek beste inork baino hobeto pasatzen zuten gurekin, baina aldi berean beti laguntzeko prest zeuden, konpromisoa zen haien nortasunaren ezaugarria”.
Kolaboratzaile ugari
Bi lagun horiekin abiatu zuten proiektua gauzatu ahal izateko, Andoniren anaia Landerren laguntza ezinbestekoa izan dute, “ezer eskatu gabe, asko inplikatu da” azaldu du Legorrek, eta besteak beste, maketazioaz arduratu da. Nekane Gonzalezen laguntza ere izan dute liburuan, eta marrazkiak eta komikiak Rufok egin ditu. CD-aren liburuxka, berriz, Elberetheko bateria jotzaile izandako Eneko Maizek diseinatutakoa da.
Jende gehiagoren laguntza ere izan dute proiektu honetan. Aitor Telleriak, adibidez, abesti baten letra egin du, eta bertso eskolakoek ere bai. Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo, Alain Narbona eta Legor bera dira letren beste egileetako batzuk. Indarkeria matxista, feminismoa, kontrol tresnak, sufritzen duen jendea, gerra… ziren Andoni eta Iñurri kezkatzen zituzten gaiak, eta horien inguruan idatzi dituzte abestiak.
Musikaren alorrean ere izan dute aparteko laguntzaile bat, Sutagar taldeko Aitor Gorosabel, “baina Mansok egin duen lana, eta Julenek egindakoa ere bai, ezinbestekoak izan dira”, Ruforen esanetan. Heavy metalari fidel izaten jarraitu dute disko berri honetan ere, “baina oraingoa pixka bat desberdina” izan dela argitu du Legorrek, “batez ere ahotsean”. Aldaketa hori berretsi du hain justu ahots hori jartzen duen Mansok, “hau da atera zaiguna, ez dakit, agian momentu honetan ditugun musika eraginengatik. Musika bera bada oldarkorragoa, baina ahotsa melodikoagoa da”.
Gorosabel, kanta batean
Gorosabelen elkarlana “ikaragarria” izan da. Legazpiarren “betiko fantasia” zen, beti izan delako talde erreferentea haientzat. “Begi izkutua abestia konposatuta genuen, Sutagarren estiloko bi-hiru riff-ekin, eta Aitorrek abestea oso aproposa izan zitekeela pentsatu genuen”, azaldu dute Mansok eta Legorrek. “Taldearekin jo izan dugu bi-hiru aldiz, bagenuen harremana, eta kolaboratzeko eskatzea pentsatu genuen. Baiezkoa eman zigun, eta asko inplikatu da, gainera”. Disko osoa Bergarako ESnSE estudioetan grabatu dute.
Lan guztia eginda, salmenta eta promozioa datoz orain. Aurkezpen bira bat dute lotuta dagoeneko, eta lehen kontzertua Hellbona jaialdian egingo dute, Villabonan, hilaren 19an. Hurrengo asteburuan, hilaren 26an, Hendaian joko dute, azaroaren 9an, Legazpin, Subeltza Egunaren baitan, eta abenduaren 7an Azpeitian.