'Hona Bostekoa!' komiki erakusketa Ardixarran
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitako komiki erakusketa da. Asteburu honetan eta datorrenean egongo da ikusgai Seguran.
Udalbiltzako Geuretik Sortuak proiektuaren barruan sortutako komiki-bilduman oinarritutako komiki erakusketa jarriko dute ikusgai asteburu honetan Segurako Ardixarran. Bi asteburuz izango da komiki formatuko sorkuntza hauek Seguran ikusteko aukera, urriaren 5ean eta 6an eta urriaren 12an eta 13an. Larunbatetan 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 10:30etik 14:00etara.
Bost komikilarik bost komiki labur sortu dituzte Geuretik Sortuak proiekturako, bakoitza Euskal herriko gune batean kokatua. Bildumak bost komiki biltzen ditu bere barnean: Harresia, Unai Gaztelumendik Leitzan eta Berastegin ondutako historia, bi herrien arteko mugari buruzkoa; Gure basoak, Eñaut Aiartzaguenak Amasa-Villabonan landutakoa, bertako basoen istorio kontatzen duena; Txillardegi Bergaran, Kotetok Bergaran egindakoa, Txillardegiren euskalduntzeari buruzkoa; Handantza, Mattinek Usurbilen musikari buruz idatzitako istorioa; eta Aldaxka pozoituak, Aritz Ibarrak, Saran, Urruñan, Beran eta Lesakan Lehenengo Mundu Gerrari buruz sortu duen istorioa.