Aniztasun jaia ospatu dute Santa Fe egunean
Zaldibidarrek Santa Fe eguna dute gaurkoa eta aniztasun jaia ospatu dute goizean zehar. Jakiak, dantzak, ohiturak, jolasak, aniztasuna barra-barra eta giro bikaina.
Zaldibian Santa Fe jaiak ospatzen ari dira. Ostegunean hasi zituzten jaiak, kalejira, txupinazo eta mondeju dastaketarekin. Ondoren, ostiralean, zirkua, playback-a, boxeo ikuskizuna eta kontzertuak izan zituzten eta atzo, berriz, paella lehiaketa, herri bazkaria eta kontzertuak izan zituzte, hau guztia, mozorroz jantzita. Gaurkoan, aldiz, egun handia dute, izan ere, jaiei izena ematen dien Santa Fe eguna da.
Igande goizean trikitilariak eta bertsolariak izan dira eta eguneko ekitaldia aniztasun festa izan da. Zaldibiako plaza kolorez jantzi da gaurkoan, herrialde desberdinetako banderekin eta jantzietako koloreekin. Jantzi eta banderez gain, jakiak ere izan dira, herrialde desberdin ugaritako jakiak eta bertara gerturatu direnek hauek probatzeko aukera izan dute. Ekuadorreko, Nikaraguako, Errumaniako, Ukrainako, Peruko, Venezuelako eta abarretako jakiak izan dira dastagai. Aniztasun festa honi hasiera emateko, Ekuadorreko dantzariek ikuskizuna eskaini dute, dantza biziz eta jantzi koloretsuz. Horrez gain, musikarako tartea ere izan da, biolenjole oso gaztetxo bat protagonista izanik.
Musikaz eta jakiez gain izan dira aniztasunari lotutako zenbait kontu, izan ere, herrialde desberdinetako jatorriko zaldibiarrek bazuten zer eskainia haien herriari gaurkoan. Horren adibide izan da Trivial jokoa. Trivial jokoa kulturartekotasuna sustatze aldera ekarri dute Zaldibiako plazara. Bertan, 21 galdera egin zaizkie parte-hartzaileei, herrialde desberdinetako ohitura, kultura eta abarren inguruan. Asko izan dira orri zuriaren aurrean jarri eta jokoan parte hartzea erabaki dutenak. Irabazleak euskal produktuen saski bat irabazi du. Hennazko tatuajeak egiteko aukera ere izan dute eta bertan elkartu dira zaldibiar txiki andana, baita globoflexia egiteko txokoan ere.
Familia-giroa izan da nagusi eta adin desberdinetako jende ugari ibili da, dastaketan batez ere. Giro goxoa eta gertukoa izan dute Etxekonekoak elkarteak antolatutako goiz honetan.