Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri" bertsolariari omenaldia eta plaka
Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri" bertsolariari omenaldia egin diote zaldibiarrek eta haren izena duen kalean plaka bat jarri dute bere omenez.
Zaldibiarrak jaietan murgilduta dauden honetan Miel Frantzisko Zubeldia Artxanberri izan dute gogoan. Omenaldia egin diote eta bere omenez plaka bat jarri dute Artxanberri kalean. Bertsolariak, senideak zein herritarrak batu dira bertan Santa Fe egun honetan. Omenaldiari hasiera emateko bertsolariak izan dira: Amets Arzallus eta Oihana Iguaran. Hauek «eskertu» egin nahi izan diote bertsolaritzan egindako guztia eta hark hasitako bide luze horri «jarraipena eman nahi dietela» azpimarratu dute. Jarraian, bere historia hori gogoratu dute.
Artxanberri 1894an jaio zen Zaldibian eta garaiko bertsolaritzatik gaur egun arte izan da figura garrantzitsua. Oso gazte hasi zen lanean eta 18 urterekin iparraldera joan zen lanera. Ondoren, artalde bat hartu zuen jabetzan eta honek eman zion gaur egun arte iraun duen izena: Artxanberri. Gerora, artzaintzatik azteriak harrapatzera pasa zen eta Euskal Herriko txoko desberdinetatik zein hemendik kanpo deitu izan zioten lan honetarako. Bertsolaritza munduan, ez zen ohiko bertsolari bat, izan ere, ez zen plazaz plaza ibiltzen zen horietakoa; Artxanberri taberna giroko eta lagun arteko bertsolaria zen besteak beste. Haren emazteak esaten zuenaren arabera, plaza askotarako deitzen zioten baina ez zen hura berea. Garaiko bertsolari handiekin aritu zen eta Lazkao Txikik bertsotarako zuen adiskiderik gustokoenetakoa zen zaldibiarra. Beranduago, Altzora ezkondu zen eta bertan hil zen 1974.urtean, 80 urte egiteko bezperan. Aurten 50 urte bete dira bere heriotzaz geroztik omenaldi honen biartez berak izena eman dion tokian bertan eta bere herrikide zein senideekin ekarri nahi izan dute gogora. Horretarako, haren hiru bertso abestu dituzte. Behin bertsoak amaituta, Amets Arzallusek estalgabetu du Artxanberriren plaka, txalo artean.
Haren alaba Joakina Zubeldiari loreak eman dizkie eta emozioz bizi izan du une hori, omenaldi osoa bezala. Horrez gain, familiako beste hainbat eta hainbat kide ere bertan izan dira eta familia guztiaren izenean eskerrak eman dituzte, Zubeldiatar guztiak aspaldiko partez elkartzeko aitzakia bikaina izan baita gaurkoa.