Bost bertsolari goierritar sailkatu dira Gipuzkoako final-laurdenetara
2019ko finalean aritu zen Nerea Elustondo ere lehian sartuko da, eta eskualdeko seik kantatuko dute 30en artean.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko kanporaketatik bost bertsolari goierritar igaro dira hurrengo fasera. Asteburuan agortu da final zortzirenen koska, Azpeitian zapatuan zazpigarren eta azken saioa jokatuta. Orduan ebatzi zen zein 24 bertsolari sailkatu diren final-laurdenetara: zazpi zuzenean, euren saioa irabazita; eta gainerako 17ak puntuazioaren arabera. Guztira sei goierritar izango dira, 2019ko finalean aritu zen Nerea Elustondo legazpiarra sartuko baita lehian.
Final zortzirenetako txartela lortu dutenen artean, Azpeitian kantatu duen Maialen Akizu urretxuarra dago. Saioan bosgarrena izan zen, baina jaso zituen 457,5 puntuek ahalbidetu diote 20. postu orokorra, eta sailkapen txartela. German Urteaga beasaindarra seigarrena izan (423,5), eta aurtengoak horretan bukatu ditu.
Amaia Iturriotz urretxuarra (490,5) saioa irabazita zuzenean sailkatuta zegoen, eta harekin batera Aratz Igartzabal gabiriarra (478), Maialen Akizu urretxuarra (457,5), Eneko Araiztegi segurarra (454,5) eta Iñaki Apalategi beasaindarra (451,5) igaro dira. 2019ko txapelketan ere kopuru berak jo zuen aurrera.
Hurrengo saioak
Final-laurdenetan bost saio dira, seina bertsolarikoak, Eibarren urriaren 19an hasi eta Tolosan azaroaren 3an bukatu. Igartzabal eta Araiztegi Eibarren ariko dira, Akizu Azkoitian (urriak 26), Iturriotz eta Apalategi Irunen (27) eta Elustondo Tolosan.