Cavak batu ditu, beste behin
Zegamarrak Sant Sadurniko Cavatast festan izan dira. Urriaren amaieran Zegaman egingo duten Cava Festan elkartuko dira berriz.
Zegamako herriarekin senidetuta dagoen Sant Sadurni D´Anoyako (Herrialde katalanak) Cavatast festan izan dira zegamarrak asteburuan. Iker Zubeldia Zegamako alkateak udal ordezkari gisa egin duen lehendabiziko bidaia izan da «urtero gonbidatzen gaituzte», esan du. Cavatastaren irekiera ekitaldian parte hartu zuen Zubeldiak bertako udal ordezkariekin batera, baita ondoren bertako cava ezberdinak probatzeko egin zen dastaketan ere. Bisita honek «beraien ekoizpena, produktuak eta egiteko moduak» hobeto ezagutzeko balio dutela azpimarratu du alkateak. Zegamako txistulari taldea ere bertan izan da.
Gutxienez, 20 urteko antzinatasuna du zegamarren eta Sant Sadurnitarren arteko harremanak; Zubeldiak gogoratu duenez, herriko koruari esker hasi zena. «Herriko korua bertara joaten zen kantatzera eta haiek Zegamara ere etortzen hasi ziren. Ekitaldi kultur hura izan zen senidetzearen oinarria», azpimarratu du. Ordutik, harreman instituzionala baina gehiago, herritarren arteko harremanak sortu dira bi herriotako bizilagunen artean.
Cava festa, hurrengoa
Bisita ofizialean Cavatastera joan ohi dira urtero zegamarrak eta San Sadurnikoak bitan izaten dira Zegaman, Cava Festan eta San Martin azokan. Baina gainontzean ere, Sant Sadurnikoen bisitak «ugariak» izan ohi dira Zegaman, «sarri samar etortzen dira urtean zehar, asteburua pasatzera, mendira…» esan du alkateak.
Hilaren amaieran egingo dute hurrengo topaketa, urriaren 25ean eta 26an Zegaman ospatuko den Cava Festan.