Festak badu logoa
Miriam Otamendik aurkeztutako haritz hosto baten irudia izan da lan irabazlea. Urriaren 20an, Ezkion egingo duten bigarren eskuko azokan jarriko dute festarako arropa salgai.
Ezkio-Itsasoko herri eskolak datorren urtean herrian antolatuko den Eskola Txikien festarako logoa aurkeztu du, eskola komunitate guztiaren babesean. Herri eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak elkartu ditu aurkezpenak. Ganbara guraso elkarteak lehiaketa deitu zuen pasa den ikasturtean, festaren testuinguruan irudi bat aukeratzeko helburuz. Azkenean, Miriam Otamendik aurkeztuta lana izan da irabazlea, haritz hosto bat irudikatzen duena.
Ganbara guraso elkarteak adierazi duenez, «eskolatik egindako hainbat irteeretan ikasi eta ikusitakoaren isla» da haritz hostoaren irudia. «Haritz hosto geometriko honek, era berean, bata bestearen segidan kokatzen diren beso zabalduen bitartez, besarkada bat irudikatzen du, babes gune bat sortuz», zehaztu dute guraso taldetik. Are, «kolore, forma eta tamaina ezberdinek aniztasuna irudikatzea dute helburu».
Ostiral arratsaldean egin zuten aurkezpena. Eskola Txikien festarako oraindik hilabete batzuk geratzen diren arren, —2025eko ekainaren 8an egingo da— hasita daude hainbat lan banatzen. Koordinazio taldea eta hainbat lantalde sortuta dituzte jada. Arropa dagoeneko prest dute eta urriaren 20an, Ezkion egingo den bigarren eskuko azokan jarriko dute salgai. Guraso elkartetik adierazi dutenez, Ezkioko herri eskolak 10 urteko ibilbidea baino ez du, eta horregatik, festa “apala” izango dela aurreratu dute. Antolaketa lanetan, iazko festaren antolaketan aritu zen Adunako eskolaren eta Eskola Txikien koordinakundearen laguntza eskertu dute.
Ikusi Gotzon Aranburuk prestatutako bideoa: