CAFek Italian duen presentzia handituko du beste bi kontraturekin
Boloniako eta Erromako tranbiekin lotutako kontratuak dira. 200 milioi euroko diru-sarrera izango da CAF enpresarentzat.
CAF enpresak Italian duen presentzia handituko du, beste bi kontratu berrirekin. Izan ere, Beasaingo konpainiari esleitu dizkiote Boloniako eta Erromako tranbiekin lotutako kontratu bana. 200 milioi euro inguruko diru-sarrera izango da CAFentzat.
Boloniako Udalak 33 tranbia unitate egitea sinatu du CAFekin. Horren balioa 130 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Beasaingo enpresak izango du, gainera, ibilgailu horiek lau urtez mantentzeko ardura, eta haientzako pieza eta erreminta bereziak ere entregatuko ditu. Kontratua Emilia-Romagna eskualdeko hiriburu historikoan garatu behar duten tranbia-sare berrirako proiektuarekin lotuta dago.
Etorkizunera begira baina, hitzarmena handitzeko aukerak ditu CAFek. Sei urteko epean, tranbia kopuruaren eskaera bikoiztu dezake Boloniako Udalak. Iaz, hiri berean sinatu zuen CAFek Solarisen 127 autobus hornitzeko kontratua.
Boloniarako diseinatutako unitateak Urbos tranbia-plataformakoak dira. Hain zuzen ere, modelo horren 1.000 ibilgailu baino gehiago daude bost kontinenteetako 20 herrialde baino gehiagotan sakabanatuta.
20 gehiago Erromara
Erromako metropoli eremuko garraio publikoa kudeatzen duen enpresak, Italiako ATAC S.p.A. operadoreak, iaz egin zuen trengilearekin akordioa. 40 tranbia egitea adostu zuten, kopurua 121eraino handitzeko aukerarekin.
Orain, kontratu hori zabalduko dute, eta beste hogei tranbia egiteko eskaera egin dute Erromatik. Ibilgailu horien mantentzea ere CAFek egingo du datozen bost urteetan.