Energia eredu berri baten alde
Legazpiko Tokiko Energia Komunitatea garatzeko 155.000 euroko diru laguntza eman dio udalari Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Legazpiko Tokiko Energia Komunitateak aurrera pauso garrantzitsua eman du, Aldundiko Jasangarritasun departamentutik 155.000 euroko diru laguntza jasota. Horri esker, energia sortzeko instalazio fotovoltaikoak jartzen hasiko dira azaroan Domingo Agirre eskolako kantxan, Bikuña kiroldegian eta CEIDA-n. Hiru eraikinak udal jabetzakoak dira, eta instalazioak eraikinetako estalkietan egingo dituzte.
Gaur goizean eman dute diru laguntza horien berri Domingo Agirre eskola aurrean Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko foru diputatuak, Monica Pedreira Aldundiko Trantsizio Ekologikorako zuzendariak, Eric Galvez alkateak eta Oscar Valbuena Garapen Jasangarriko eta Trantsizio Energetikoko zinegotziak eta TEK Legazpiko presidenteak.
«Energia eredu berri bat»
Legazpiko TEK-aren eraketa aurreko legealditik datorren «konpromisoa» dela gogoratu du Galvez alkateak, eta 2023ko aurrekontuetan jaso zela. Diputaziotik iritsi den diru laguntza «pauso garrantzitsu bat» dela ere adierazi du, «gizarte jasangarriago baten alde aurrera egiten jarraitzeko».
Valbuenak, bere aldetik, proiektuaren bilakaera errepasatu du. «Abenduko osoko bilkurak onartu zituen komunitatearen estatutuak, eta otsailean eraketa, ondoren Jaurlaritza erregistratuz. Hortik aurrera proiektu teknikoa garatzen hasi zen, estalkien lagapena onartu zen, eta ekainean auto kontsumorako akordioa sinatu zen». Aldundiaren diru laguntzatik 130.000 euro instalazioa egiteko erabiliko direla zehaztu ere du, eta gainerako 25.000 euroak komunitate energetikoa martxan jartzeko izango direla ere bai. TEk honekin, «energia berriztagarrietan eta autokontsumoan oinarritutako eredu berri bat» jarriko dute herritarren eskura.
Bestalde, familia kalteberenak ere gogoratu ditu, energia komunitate honetan sar daitezen errazteko ekintza espezifikoak aurreikusi dituztelako. Besteak beste, Legazpiko Udalak 15 kW-eko potentzia gordeko du energia-kalteberatasunaren arriskupean dauden familiei lagatzeko, eta Gizarte Zerbitzuen bidez tramitatuko da. Gainera, familia kalteberenei TEKan sartzeko aukera emango zaie, eta komunitateko kide izateko jarri behar diren 50 euroak udalak ordainduko ditu.
Azaroan hasiko dira
Zehaztapen teknikoak ere eman ditu Legazpiko zinegotziak. Hiru udal eraikinetan 238 kWp-ko eta 530 plakako instalazioa egingo dute, 2.300 metro koadroko azalera hartuta. Legazpiko 300 etxe eta saltokiri energia berdea hornituko diete autokontsumo erregimenean, ez bakarrik herrigunekoei, baita Brinkola eta Telleriartekoei ere, CEIDA bi auzoen artean baitago.
Instalazio horietan biltegiratze bateriak gehituko direla ere azaldu, «energia berriztagarriaren kontsumoa optimizatzea ahalbidetuko dutenak». Domingo Agirren eta Bikuñan kiroldegian jarriko dira. “Esperientzia pilotua” izango da Legazpikoa, eta Berrobi eta Zumarragaren ondoren, hirugarren komunitatea izango da bateriak izango dituena. Bateria horiek “aurrerapen handia da autokontsumoa hobetzea” ekarriko dute. “Biltegiratzea aurrerapen estrategikoa da energia berriztagarriaren eta autokontsumoaren kontsumoa optimizatzeko, aurretik sortutako energia kontsumitzea ahalbidetzen baitu, gauez edo eguzkirik ez dagoen egunetan”. Energia fakturaren aurrezpena % 50-60ra arte handitzea espero dute.
Zinegotziak aurreratu duenez, azaroan lizitatuko dituzte lanak, eta instalazioak berehala egingo dituzte. Aldi berean, herritarrekin informazio bilerak egiten hasiko dira, komunitaterako bazkideak lortzeko.
Fakturan aurrezkia
Jose Ignazio Asensio diputatuak, azkenik, Aldundiak trantsizio energetikoa sustatzeko duen helburuan kokatu du Legazpiko TEK martxan jartzea, eta komunitate horri atxikita, herritarren fakturan %30eko aurrezpena lortuko dutela nabarmendu du. «Dena da aurrezpena, energia berriztagarrien erabilpena da, eta guk sistema berri horretara aldaketa bultzatzen dugu».
Lurraldeko 88 udalerrietatik 55etan bultzatu ditu dagoeneko energia-komunitateak Aldundiak, eta diputatuak azaldu duenez, «2027a baino lehen Gipuzkoako udalerri guztiek bere energia komunitate propioa izatea» da helburua. “Herritarrek rol aktiboa hartzen dute trantsizio energetikoaren prozesuan, komunitatea sortuz eta kultura energetiko berri bat sortuz, non pertsonek erabakitzeko eta aurrezteko ahalmen askoz handiagoa hartzen duten eredu tradizionaletan baino. Urrats garrantzitsua da herritarrek energia garbia eta bidezko baldintza ekonomikoetan izateko duten gizarte eskubidea baliatzeko, eta aurrerapauso bat energiaren demokratizazioak kolektibo guztiak har ditzan, inor atzean utzi gabe bide horretan”.
Energia “eskubide soziala” da, “eta eredu berri bat behar du, familiak ahaldunduko dituena, energia sistemaren erdigunean kokatuz, energia garbia eta fakturan dirua aurrezteko beharrezkoak diren tresnak eskuratuz”. Asensiok nabarmendu duenez, “energiaren demokratizazioan, erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoan eta energia garbiagoan oinarritutako kultura baterantz aurrera egiteak pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du”.