Legazpiarrak prest daude igandeko Korosti Trail mendiko lasterketetarako
Gorostiaga mendi inguruan bi proba egingo dira igande goizean, plazan irteera eta helmuga jarrita, eta 110 boluntarioen laguntzarekin. Asteburu osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek.
Urduritasuna da nagusi Legazpiko Korosti Trail probaren inguruan egun hauetan. Urriaren 13a, igandea, bertan da, eta antolatzaileak azken prestaketa lanetan dabiltza murgilduta egun hauetan. Atzo arratsaldean, igandeko proban lan egingo duten boluntarioekin bilera egin zuten Kultur Etxean, eta egun horretan jantziko duten elastikoa banatu zieten. Legazpiko lehen mendi lasterketa handiaren estreinaldia izango da, eta ez dute hutsik egin nahi.
Mendi lasterketak gustuko dituzten legazpiar kirolari batzuen ekimenez sortutakoa da Korosti Trail. Iazko irailean hasi zen lanean Mikel Salegik, Jon Lonbidek, Andoni Etxalekuk, Garikoitz Nuñezek, Josu Uretak eta Mikel Bravok osatutako talde eragilea, eta urte luzea izan dute hasierako ideiari forma emateko. Bi lasterketa izango dira, luzea eta motza, eta Euskal Herria plazan irteera eta helmuga jarrita, Gorostiaga edo Korosti mendi inguruan egingo dira.
Biak Goierri Kopa Trailerako puntuagarriak izango dira. Kopa osatzen duten hamar hitzorduetatik azkena izango da Legazpikoa, eta sailkapena itxiko duena. Orain arte, sprint edo lasterketa motzean Maider Unanue eta Jon Rodriguez dira liderrak, eta trail edo lasterketa luzean, Hodei Lujanbio eta Eneritz Oiartzabal.
Bi lasterketa
Korosti Traileko lasterketa luzea 09:30ean abiatuko da plazatik, eta 23,4 kilometroko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibel metatua izango ditu. 200 korrikalari daude izena emanda. Lasterketa motza 10:00etan hasiko da. Ibilbideak 13,5 kilometro izango ditu, eta 800 metroko desnibel metatua. Hemen ere 200 partaide izango dira.
Luzean zein motzean itxita daude izen-emateak; guztira 400 korrikalari izango dira lehian. Legazpiarrak 135 izango dira, bi probetan banatuta.
Bi lasterketak Zatui mendi lerrotik zehar egingo dira, eta Gorostiagatik edo Korostitik, Jentiletxetik, Oregitik, Eskortazarretatik eta Arranoaitzetik igaroko dira. Lasterketa luzeko partaideak Arrolamendiraino ere joango dira.
110 boluntario
Igandea baino lehenago makina bat lan egin dituzte antolatzaileek, besteak beste lasterketen ibilbideak markatzen, hainbat boluntarioren laguntzarekin. Eta igandean bertan mugituko duten boluntario kopurua ez da makala, 110 izango direlako, gehien-gehienak Legazpi bertakoak. Antolakuntzak eman dien elastiko berde biziarekin identifikatuta, lan desberdinak egin beharko dituzte: herrigunean trafikoa gidatzen; ibilbidean zehar banatuta, bidegurutzetan lasterkariak galdu ez daitezen edo baten baten mina hartzen badu laguntzeko; anoa guneetan janaria eta edaria banatzeko, plazako postuan lasterketako materiala saltzeko… eta azken lasterkariekin batera erratza lana egiteko.
Plaza azpiko eta indusdrialdeko ohiko aparkalekuez gain, antolakuntzak beste bat egokituko du Haztegi ikastolako patioan, igandean bertan. Plazako postuan, berriz, lasterkariei banatuko zaien bezalako kamiseta ofiziala erosteko aukera izango da, baita biserak ere.
Asteburu osoko egitaraua
Bi lasterketen aurreko egunetan pare bat ekitaldi izango dira herria girotzeko, eta egunean bertan ere izango da zer egin plaza inguruan, korrikalariak mendian dabiltzan bitartean. Korosti Trail asteburu osorako ekitaldiez lagunduta dator.
Ostiralerako, Lehiaketa bat, hamaika bizipen izenburuko solasaldia prestatu dute, Legazpiko Gazte Asanbladaren laguntzarekin. Gaztetxean izango da, 19:00etan, eta Mayi Mujika korrikalaria eta honen bikote Asier Arregi, Jokin Madina prestatzaile fisikoa, Zuhaitz Ezpeleta korrikalari ohia, Mikel Salegi Korosti Traileko antolaketa taldeko kide, eta Jone Alustiza herriko korrikalaria izango dira bertan, Aitor Alberdi moderatzailearen esanetara. Solasaldia amaitzean, pintxo-potea izango da.
Larunbatean, berriz, antolatzaileek dortsalak banatzen jardungo dute Urbeltz pilotalekuan 17:30etik 19:00etara, eta ondoren, Luis Arrietak zuzendutako 212 mountains filma proiektatuko dute bertan, Txo!Esna kolektiboarekin elkarlanean. Amaieran, mahai ingurua izango da filmeko protagonista den Xabier Zarranzekin.
Igandean bertan, dortsalak banatzen jarraituko dute 08:00etatik 09:30era arte, eta lasterketen txanda etorriko da ondoren. Korrikalariak mendian diren bitartean, 11:00etan hasita festa giroa izango da plazan, Trapalata txarangarekin, taloekin, kirol materiala saltzeko postuekin eta haurrentzako puzgarriekin. Sari banaketa 13:30ean egingo dute.