Ordizia errugbi taldeak 100 Bultzada mailegu kanpaina egingo du hilaren 30era arte
Ehun mailegu-harpidedunek, sei urterako, 3.000 eurona jartzea dute helburua. Urtean sei-zazpi jarduera «esklusibo» izango dituzte trukean.
Egoera ekonomikoak bultzatuta, 100 Bultzada Taldea egitasmoa sortu du Ordizia errugbi elkarteak. Turismoan erabiltzen den hospitality kontzeptua Ordiziara ekarriko dute. Ehun lagunen 3.000 euroko sei urterako mailegua lortu nahi dute, eta trukean, urtean sei-zazpi jarduera «esklusibo» izango dituzte.
Txema Aranburu OREko kideak argitu duenez, errugbi klubak hiru finantzazio iturri ditu: esponsorizazioa, erakunde pribatuak eta kluba. «Babesle pribatuetan handiena Ampo da, eta publikoan, foru aldundia. Hirugarrena kluba da: jokalarien kuota, garagardo azoka, errifak, bazkideak, ekintza desberdinak, Altamirako taberna… Azken aldian esponsorizazioa jaitsi egin da, eta berriak ez ditugu lortzen…». Arazo horri beste bat ere gehitu behar zaio: «Covidak eragindako defizitarekin hartu genuen kluba».
Ohorezko Mailan jarraitu
Defizita estaltzeaz gain, badute beste helburu bat: «Espainiako Federazioak erabaki du Ohorezko Maila hamar taldetakoa izatea. Aurten eta hurrengo urtean bina talde jaitsiko dira eta bana igo. Ordiziak Espainiako hamar onenen artean egon nahi du, eta lortu egin behar da. Gure arerioek aurrekontu askoz ere handiagoak dauzkagu (Ordiziak hirugarren txikiena), beste taldeek dirua guk baino errazago lortzen dutelako. Hori zergatik? Batez ere, arlo publikotik diru ekarpen handiagoa jasotzen dutelako, eta kasu batzuetan, enpresen ekarpen handiagoa».
100 Bultzada egitasmo berritzailea antolatu dute, hartu eta emaneko sistema berritzaile bat: 3.000 euroko mailegua (sei urterako) jartzen duenari, errugbiarekin lotutako sei-zazpi jarduera «esklusibo» eskainiko dizkiete trukean. «Kluba orekatzeko beste diru sarrera bat izango da». Urriaren 30era bitartean, ehun mailegu-harpidedun aurkitu nahi dituzte. «Gutxiagorekin ere konformatuko ginateke, 65ekin. Beste diru sarrera bat izango da, kluba orekatzeko». Norbanakoentzako eta enpresentzako eskaintza da.
Hartu eta eman
Urtean sei-zazpi jarduera egingo dituzte mailegu emaileei arreta berezitua eskaintzeko. «Zelai propioa ez edukitzea handicapa da, baina bueltak ematen, hospitality eskainiko dugu, jardueretan». Hainbat adibide jarri ditu Aranburuk: «Etxeko partidetan errugbiko aditu handi batekin partida ikustea; afari edo bazkari bat entrenatzailearekin, prestatzaile fisikoarekin eta kapitainekin, denboraldia nola doan ikusteko. Frantziako Top14 edo Pro2ko partidak ikustera elkarrekin joatea. Bidaiaren bat…».
Dirua itzuli
Dirua sei urteko epean itzuliko diote mailegu emaileei. «Berme guztiak izango ditu. Notarioko gastu guztiak Klubaren kontu izango dira. Ahalik eta azkarren itzuli nahi dugu dirua. Itzultzen dugunean eta hau ondo egiteko gai garela erakusten dugunean, eta jendeak klub honetan apuntatu nahi duenean, orduan iritsiko da momentua, hospitality-ko jarduera guztiak kobratu ahal izango dira. Horrela eginda askoz ere lasaiago gaude. Hospitality-a klubaren aktiboa izan dadila».
Helburuak eta funtzionamendua
- 100 mailegu-harpidedun, gutxienez 3.000 eurokoak, sei urterako.
- Harpidetza epea: 2024ko urriaren 1etik 30era. Formalizazio data, 2024kok urriaren 30a. sei urteko indarraldia, 2030eko urriaren 30era arte.
- Sortu beharreko interesa: uneko urteko diruaren legezko interesa ken oinarrizko puntu bat, gehienez ere %2ko intereseraino.
- Interesen ordainketa: urte bakoitzeko azaroaren 30a.
- Printzipala itzultzea: hirugarren urtetik aurrera, interesekin batera, itzultzea.
- Mailegua eratzeko eta harpidedun taldearentzako eskritura publiko bateratura igotzeko gastuak Klubaren kontura izango dira.