Ostiralean Olatz Salvador, eta larunbatean Ines Osinaga eta Gari Altzagan
Larunbateko kontzerturako autobus zerbitzu berezia jarri dute, 19:00etarako iristeko. Dohainik dira.
Lehenengo aldiz, Altzagan udazken kulturala ospatuko dute urriaren 11n, 12an eta 25ean. Musika izango da aurtengoan oinarri, Euskal Herrian izen handia daukaten hiru abeslari gonbidatuta: Olatz Salvador, Ines Osinaga eta Gari. Maite Garmendia alkateak «eskerrak eman» dizkio Esanezin taldeko Ianire Aranzaberi. «Bera mugitzen da arlo horretan eta horregatik hasi gara kontzertu akustikoak antolatzen». Doakoak dira kontzertuak.
Ostiralean, urriaren 11n izango da lehenengo kontzertua. Olatz Salvadorrek Zainak eman disko berriaren solasaldi musikatua egingo du. Ianire Aranzabek gidatuko du saioa eta diskoaren zein kantuei buruzko nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko aukera izango da, baita kantu pare bat zuzenean entzuteko aukera ere. Izena eman behar da, 613 638 732.
Urriaren 12an, beste bikote bat izango da, 19:00etan, eliza atarian: Ines Osinaga eta Gari. Kontzertu akustikoa egingo dute. Eguraldi txarra eginez gero eliza barruan izango da. Barra zerbitzua jarriko dute.
Autobus zerbitzua
Larunbatean Altzagara joateko autobus zerbitzu berezia jarri dute. Legorretatik 18:30ean abiatuko da eta Itsasondon (18:35), Ordiziako Renfeko geltokian (18:45) eta Araman (18:55) egingo ditu geldialdiak, Altzagara 19:00etarako iristeko. Itzulerako autobusak ibilbide bera egingo du, Altzagatik 22:00etan abiatuta.
Ipuin kontalaria
Udazken kulturalarekin amaitzeko, urriaren 25ean, Betzaida Urtaza legorretar ipuin kontalariaren saioa izango da, 19:00etan, Ertotxean.