Aranburuk hirugarren postua lortu du Gran Piemonten
Movistar taldearen maillotarekin jokatu duen azken lasterketa izan da Italiakoa. Neilson Powless estatubatuarra izan da azkarrena eta Corbin Strongek egin du bigarren.
“Taldearekin jokatu dudan azken lasterketan hirugarren egitea harro egoteko modukoa da”, esan du Alex Aranburuk, aste honetan Italian jokatu den Gran Piemonte saria amaitu berritan. Izan ere, Movistar taldearekin jokatu duen azken lasterketa izan da hau; aurrerantzean Cofidis talde frantziarrarekin arituko baita.
2022an Movistar taldearen maillota lehenengoz jantzi zuenetik lorpen ugari batu ditu Ezkiokoak. “Beti gehiago nahi izaten da, baina hau izan da 2024 nire azken lasterketa, nekea nabarmena da, urtea luze egiten da eta sentsazio hauekin amaitzeak aho-zapore ona utzi dit”, azpimarratu du Aranburuk Italiako lasterketari buruz.
Etxekoen ongietorria
Denboraldiari amaiera borobila emateko, ongi etorri ekitaldia prestatu diote Aranburu Ezkioko bizilagunek urriaren 19rako. Ezkiora igoera antolatu dute 12:00etan; igoera Alexen konpainian egiteko aukera egongo da. 13:00etan ongi etorri ekitaldia egingo zaio plazan eta 14:00etan bazkaria antolatu dute frontoian. Trikitilariak eta bertsolariak ere izango dira egun osoan zehar.