«Nahikoa dela esan dit buruak»
Cofidis taldean tokiz kanpo sentitu da Gorka Izagirre, eta, 37 urte izanik, erretiroa hartzea erabaki du. Datorren astean lehiatuko da azken aldiz, Guangxi itzulian. Patxadaz eta sakon hausnartu du ziklismo profesionalean osatu duen ibilbide luzeaz.
Ez oharrik, ez ekitaldi arranditsurik: omenaldi xaloa egin zioten Gorka Izagirreri (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987) Paris-Tours lasterketaren aurkezpenean, eta hala jakin zen txirrindularitza uztekotan dela. «Agian halakoa izango naiz. Ingurukoei urtean zehar eman diet erabakiaren berri, eta zentzu handiagoa ikusten diot horri, lau haizeetara zabaltzeari baino». Laster utziko dio ziklista profesional izateari, eta ikuspegi berri bat ernatzen ari zaio. «Orain hasi naiz urte hauetan egin dudanaz jabetzen».
Zure txirrindulari ibilbidea bukatzeko garaia dela erabaki duzu. Nolakoa izan da prozesua?
Erabakia martxo partean hartu nuen. Ordea, hilabete asko gelditzen ziren oraindik denboraldia amaitzeko, eta psikologikoki kontra egiten diozu erabakiari; agian, ez duzulako nahi. Urtea barne borroka horrekin pasatu dut. «Utzi egingo dut? Bai, baina agian ez. Jarrai dezagun borrokan». Azkenean, nahikoa dela esan dit buruak.
Eta gorputzak ere gauza bera esan dizu?
Ez, buruan egon da gakoa. Faktore asko izan da tartean. Kirol mailan, nire urterik okerrena izan da, inongo zalantzarik gabe. Zergatik? Ba, nagusiki, talde aldaketa aipatuko nizuke. Cofidisen ni ez naiz egokitu. Garbi ikusi nuen hasieratik, eta agur esatera eraman ninduen horrek. «Horrela ez, eta hemen ez». Gauzak hala gertatu dira.
«Oraindik txirrindulari sentitzen naiz, eta ez dut uste hau izango denik nire azken kontratua». Hauxe esan zenion BERRIAri urte hasieran, Cofidisera iritsi berritan. Azkar aldatu ziren gauzak.
Hala da. Buruan zenbat buelta eman ote dizkiot ideia horri… Bere garaian hala sentitzen nuen. Eta neure buruarekin horregatik izan dut borroka hori. Ez dut urte ona igaro, egia esango dizut. Buruz, ez naiz egon. Oso gutxi gozatu dut. Gutxi, edo batere ez. Horrek bultzatu nau erabakia hartzera, urtea gogotsu hasi nuen arren.
Irakurri osorik BERRIA egunkarian Eñaut Agirrebengoa kazetariak Gorka Izagirreri egindako elkarrizketa hemen.