Helduentzako dantza eskolak eskainiko ditu Toberak
Urritik ekainera bitarte luzatuko da ikastaroa. Zerainen eta Seguran, dagoeneko, helduen dantza taldeak badaudenez, hasiera batean Zegaman bakarrik eskainiko dituzte saioak.
Tobera musika eta dantza eskolak euskal dantzak ikasteko ikastaroa antolatuko du aurten ere helduei zuzenduta. Iaz hasi ziren helduentzako saio hauekin eta dozena bat lagun erakarri zituen. Aurten, ordea, formatua eta eskaintza egokitu dituzte “proposamena are eta eskuragarriagoa izan dadin”, diote Toberatik.
Tobera musika eta dantza eskolak Mutiloa, Segura, Zerain eta Zegamako herriak hartzen ditu. Adierazi dutenez, Zerainen eta Seguran badaude dagoeneko, Toberaz bestelako helduen dantza taldeak, horregatik, “horien lana aitortu eta errespetatzearekin batera, eskaintzaren barruko eskolak Zegaman bakarrik” emango lirateke. Bestalde, Mutiloan egin litekeen interesaren arabera, gaia aztertuko dutela ere jakinarazi dute.
Hilean behin, bi orduko saioak eskainiko dituzte, 18 urtetik gorako pertsona orori zuzenduta. Izena ematen dutenen artean erabakiko da saioak zer egunetan emango diren, eta “ostiral arratsaldeak eta larunbat ere aukeran” izango dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Urrian hasi eta ekainera bitarte luzatuko da ikastaroa. Matrikulak 23,7 euroko kostua izango du, eta ondoren, 10 euro ordainduko dira hilero.
Izena emateko azken eguna urriaren 27a izango da. Izena Toberaren web gunean eman daiteke.