ERREPORTAJEA. Pantailatik paperera, gustu guztiak asetzeko
Hurrengo eguneko GOIERRIKO HITZA bezperako 20:00etarako bukatuta egoten da. Orduan hasten dira errotatibak martxan. Inprentako kideen ardura da egunkariak inprimatzea.
Egunkariak, pilatuta, banaketari ekiteko prest. Kerman Garralda Arratsaldeko zazpiak inguruan hasten da mugimendua Bidasoa Inprimatzeko Zentroan. Orduan hasten dira iristen errotatibara eskualdeetako HITZA egunkarietako orriak, tartean, GOIERRIKO HITZAkoak. 18:00ak eta 20:00ak artean ixten da paperezko edizioa, egunaren arabera, eta behin prest dagoenean Zestoako (Gipuzkoa) Arroa auzoan dagoen Bidasoa Inprentara bidaltzen da.
Orriak PDF formatuan iristen dira Zestoara, erabat digitalean. Egokitzapen tekniko batzuk egin ostean, lehen inprimagailu batera bidaltzen dituzte orriak. Baina ez da ohiko inprimagailu bat, Joxean Etxeberria arduradunak azaldu du «gela ilun baten modukoa» dela lehen inprimagailua: iluntasuna baliatuta, laser bidez, orriak aluminiozko xafla batzuetan islatzen dira orriak. Ez da, baina, orri bat-xafla bat baliokidetasuna egiten; xafla bakoitzean lau orrialde datoz. Baina, kolore primario bakoitzak eta beltzak txapa bana behar dutenez, zortzi orriko egunkari bat koloretan inprimatzeko zortzi plantxa behar dira.
Plantxak tolestagarriak dira. Hala, arrabola batean kiribiltzen dituzte, bakoitzari dagokion tintarekin kontaktuan. Gainera, xaflak bata bestearen parean jartzen dituzte.
Behin prest daudenean, egunkari paper amaigabe bat arrabola guztien tartetik pasatzen dute. «Tanpoi baten moduan funtzionatzen du. Xaflak, bira ematean, tinta hartzen du aurrena eta, gero, paperean inprimatzen du. Zigilu baten modukoa da», esan du Etxeberriak. «Ia 600 urte pasa dira [Johannes] Gutenbergek inprenta asmatu zuenetik eta oinarria berdina da. Teknologia hobetu da». Esaterako, papera ziztu bizian pasatzen da arrabolen artetik. Minutu gutxiren buruan prest dituzte GOIERRIKO HITZAren ia 2.000 aleak; papera moztu, behar bezala tolestu eta paketatu ere katean egiten dituzte, makinen laguntzarekin.
Hogei langile aritzen dira Bidasoa inprimategian txanda ezberdinetan banatuta, eta egunkariak inprimatzeko prozesuan, zortzi bat langilek hartzen dute parte: aurreinpresioko arduradunak, bi inpresorek, bobinetako arduradunak, zierrean dauden bi lagunak, mantenukoak eta bestelako lanak koordinatzen aritzen den Etxeberria bera. «Gauzak ondo baldin badoaz GOIERRIKO HITZAko aleak inprimatzeko ez ditugu hamabost minutu baino gehiago behar izaten», dio tailerreko arduradunak.
Tokiko egunkariak inprimatu ondoren, Berria eta Gara inprimatzen dituzte Bidasoan, eta langileek euren jarduna 03:00ak aldera bukatzen dute. «Lanak konplikatu egiten zaizkigu ostegunetan, herrialdetako Hitza-k ere bota behar izaten ditugulako eta gero Berria-n txertatu. Berdina gertatzen da egunkariok gehigarri bat kaleratzen duzuen bakoitzean. Horregatik da garrantzitsua guztia ondo koordinatzea. Ekipoa egitea da inportanteena», dio Etxeberriak. Kontuan izan behar da ostiraletan irakurleek jasotzen duten Goiberri astekaria errotatiban ez dela hemen inprimatzen, Oñatiko (Gipuzkoa) Gertu inprimategian baizik.












