Pernan Goñi ilustratzaileak karikaturak egiten irakatsiko du Zumalakarregi museoan
Ikastaroa ‘Carliscaturas’ aldi baterako erakusketaren harira antolatu dute. Urriaren 19an izango da, 16:30ean. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago.
Zumalakarregi Museoak, Lizarrako Karlismoaren museoarekin elkarlanean, Carliscaturas: Umorea lubaki gisa aldi baterako erakusketa zabaldu zuen pasa den maiatzaren 22an. Erakusketaren oinarria Cesar Oroz ilustratzaileak Karlismoaren Museorako prestatu zuen XIX. mendeko mugimendu honi egindako begirada satirikoa da. Karlistaldiak eta umorea lotzen dituen erakusketa hau egungo ikuspegi satirikotik egindako karikatura batzuen bidez hurbiltzen da garai horretako historiara. Erakusketa Zumalakarregi museoaren XIX. mendeko prentsa satirikoaren bildumak osatzen du.
Hilabete hauetan, Zumalakarregi Museoak hainbat jarduera egin ditu erakusketaren gaiarekin lotuta eta publiko ezberdinei zuzendua: Cesar Orozekin solasaldia, Karikaturatzen udalekuen eskaintza, Prentsa satirikoa XIX. mendean izeneko solasaldia Mikel Alberdiren eskutik eta Karikaturen sekretuak aurkitzen familia tailerra. Programazioa amaitzeko Pernan Goñi (Oñati, 1968) ilustratzailearen karikatura ikastaroa antolatu dute urriaren 19rako. Goñik berak dinamizatuko du ikastaroa.
Karikaturak egiten Pernan Goñirekin izeneko ikastaroak 3 euroko kostua du pertsonako eta beharrezkoa da izena ematea mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.