Txalapartaren soinuaren azken erritmoak
Itsasondon txalaparta ikasten aritu dira dozena bat inguru herritar hainbat astetan. Jaien hasieran egin zuten erakustaldia, binaka aritu ordez, taldean arituta. Dena den, oraingoz, ez du jarraipenik izango.
Itsasondoko txalapartariak.Loinaz Agirre. Irailaren 20an, Itsasondoko jaien hasieran, Ijitto kirol taldekoek pregoia egin eta jaietako ikurra den Ijitto jaitsi eta igo ondoren, jo zituzten azkeneko txalaparta doinuak Itsasondoko txalapartari berriek, Gatibu taldearen Euritan dantzan abestiaren erritmoan. Sekretuan antolatutako saioa izan zen. Taldekide batzuek jarraitzea nahi bazuten ere, hura izan zen azkeneko saioa. Oraingoz, ez du jarraipenik izango.
Aitor Garmendia izan da txalaparta taldean parte hartu duenetako bat. Itsasondoko Udalak martxoan egin zuen deialdia herritarren artean, taldea sortuko balitz txalaparta ikastaroa emateko aukera zegoela esanez. Dozena bat lagun inguru elkartu eta maiatzean eta ekainean bina orduko lau saio egin zituzten ostiraletan. «Asmatu zen ikastaroarekin. Gustura ibili gara».
Baina ez zen han bukatu, Garmendiak nabarmendu duenez: «Ekainaren bukaeran, San Joan suaren inguruan bukatu genuen. San Joan su bezperan, ekitaldi berezi bat egin zuten aurten. Sorpresaz antzerki moduko bat aurkeztu zuten, herritarrei abisatu gabe. Denontzat izan zen ezustekoa. Hortik atera zen ideia, txalapartarekin ere horrelako zerbait egiteko festetan».
Pentsatu eta egin. Dena den, ideia hura gauzatu ahal izateko, eskola gehiago hartu beharra zuten ikasleek. «Irakaslearekin hitz egin genuen, ondo iruditu zitzaion, irailean beste hiru saio (festetako ikuskizunaren aurretik azkena) egin genituen».
Taldekako txalaparta
Praka bakeroak, kamiseta beltza eta festetako zapi berde bizia jantzi, bi txalaparta elkarren segidan jarri, eskuetan bina makil hartu eta Euritan dantzan kantuaren erritmora egokitu ziren Itsasondoko txalapartari berriak. Hori bai, euritan dantzan egin gabe, eguraldi lagun izan baitzuten. «Ez genuen normalean txalaparta ezagutzen den bezala jotzen ikasi. Azken batean bi pertsonen arteko elkarrizketa moduko bat da txalaparta, baina hori egiteko maila altua behar da. Orduan guk egiten genuen, kanta bat jarri, eta kanta horrekin irakasleak esaten zigun zein erritmo jarraitu eta festetarako ere horrelako zerbait egitea erabaki genuen». Albokaren eta adarraren doinuek eman zioten hasiera eta bukaera ekitaldiari.
Oraingoz ez dute jarraituko
Esperientzia «oso ona» bizi izan duela nabarmendu du Garmendiak. «Egia da horrelako gauzak antolatzen direnean normalean jende berdina joaten dela, baina honetan aniztasun pixka bat bazegoen eta polita izan da».
Batzuk jarraitzeko gogoarekin geratu ziren, baina azkenean ezin izango da. «Nahiko konplikatua da. Jende gutxi zegoen jarraitzeko asmoz, ordaindu egin behar zaio irakasleari…. Printzipioz, horretan geratu da».
Denborak esango du. Itsasondoarrek, bitartean, sorpresen zain jarraituko dute.













