Korosti Trail, arrakasta hutsa
Bigarren ediziorako langa oso altua dutela adierazi dute antolatzaileak, balorazio "oso positiboa" egitearekin batera.
Nota oso altuarekin gainditu du Korosti Trail mendi lasterketak bere lehen edizioa. Eguraldi eta giro bikainak lagunduta, igande goizean jokatu zen Legazpin, Korosti edo Gorostiaga mendi inguruetan. Bi probatan banatutako 400 partaide izan zituen, eta antolatzaileek «oso balorazio positiboa» egin dute: «arrakasta hutsa izan da».
Korrikalari guztiak helmugara «oso pozik» iritsi izana balioan jarri dute, «ibilbidearen edertasuna, boluntarioen lan aparta eta ikusle kopurua nabarmendu» zituztelarik. Korrikalari horiek helmugara iristen hasi zirenean sortu zen «giro aparta» ere aipatu dute antolatzaileek, «Trapalata txarangarekin, puzgarriekin, salmenta postuekin eta talogileekin jende asko elkartu» baitzen herriko plazan, «giro paregabea sortuz». Lasterketa aurretik antolatutako ekitaldien inguruan ere «balorazio ona» egin dute.
Eskerrak emateko tartea ere hartu dute, batez ere «110etik gora boluntarioei, baita publikoari eta herri osoari ere, oso ondo portatu direlako denak». Korrikalarien arteko giro paregabea ere azpimarratu dute: «lagun artean egin dute korrika denek».
Datorren urteari begira jarrita daude dagoeneko, «baina lehen edizio arrakastatsu honek langa oso altu utzi du».
Bi proba, eta Goierri Kopa
Bi lasterketa zituen Korosti Trailek. 23 kilometroko luzean, Markel Urigoitia otxandioarra izan zen azkarrena gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra. 13 kilometroko lasterketa motza Aner Arozena zumarragarrak irabazi zuen, eta Maider Unanue aramarra izan zen lehen emakumezkoa.
Goierri Kopa ere erabaki zen. Trail edo ibilbide luzean, Eneritz Oiartzabal eta Hodei Lujanbiok jaso zituzten kopak, eta sprint atalean edo motzean, Maider Unanue aramarrak eta Jon Rodriguez ordiziarrak.
Sari gehiago
Sari banaketa ekitaldian korrikalari gehiago ere igo ziren podiumera. Karibe Zaharra eta Gurrutxaga tabernek 69 postuan sailkatutakoei sari bana eman zizkieten: lasterketa luzean, Haritz Jauregiri, eta motzean, Nerea Beldarraini. Ilinti elkarteak, berriz, Jentiletxera igoera azkarrena egindako partaideari eman zion 150 euroko saria, eta lasterketa luzea irabazi zuen Markel Urigoitiak jaso zuen.
Azkenik, lehen legazpiarrentzat ere izan ziren sariak, bi lasterketetan, eta Lakiola baserriak emandako produktu lote bana jaso zuten. Proba luzean, Jokin Uribetxebarria eta Lara Estebanez izan ziren lehen legazpiarrak, eta motzean, Jone Ugarte eta Xabier Ibargutxi.