Legazpiko Udal Gobernu Taldeak oposizioari erantzun dio ordenantza fiskalen inguruan
EH Bilduk diru sarreren araberako hobari sistema bat ezartzeko egin duen proposamena ez du "bideragarria" ikusten.
Legazpiko Udal Gobernu Taldeak erantzun egin die oposizioak 2024ko ordenantza fiskalen aurka bozkatu ondoren emandako azalpenei, bereziki EH Bilduk hobariak ezartzeko egindako proposamenari. Datorren urteko zergak eta tasak arautzen dituen ordenantza iraileko udalbatzan onartu zen %2,8ko igoera orokorrarekin, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoei esker. EH Bilduk eta Legazpiko Berdeak taldeak aurka bozkatu zuten.
Gobernu Taldeak azaldu duenez, ez du “bideragarria” ikusten EH Bilduk diru sarreren araberako hobari sistema bat ezartzeko egin duen proposamena. “Alde batetik, zein errenta aitorpen hartu beharko litzateke kontuan? 2025ekoaz hitz egiten ari bagara, 2024ekoa ezingo litzateke aztertu, beraz, gutxienez 2023koa hartu beharko litzateke kontuan. Eta bi urtetan pertsona baten egoera zeharo aldatu daiteke, onerako edo txarrerako, eta horrek egoera bidegabeak sortuko lirateke. Bestetik, legazpiarren errenta aitorpen guztiak errebisatzen jarri beharko lirateke gure ekonomia saileko langileak. Hori egin bitartean, erroldak ezingo lirateke egin, eta prozesu guztia atzeratuko litzateke, edo ekonomia sailak baliabide gehiago beharko lituzke”.
Bestalde, herritar edo familia batzuk araudi fiskal berriari erantzuteko zailtasunak izan ditzaketela onartzen dute, eta “udaleko gizarte zerbitzuetara gerturatzeko animatu nahi ditugu, bertatik aukera pertsonalizatuak aztertuko baitira zerga eta tasa horiei aurre egiteko”.