Gaintza eta Ordizia arteko oinezko Peribidea berreskuratuko dute
Garai batean Ordiziako azokara joateko lau kilometro inguruko bidea egokituko dute, Gaintza, Altzaga eta Aramatik barrena. Jakintza Ikastola izango dute bidelagun.
Gaintza eta Ordizia lotuko duen oinezko bidea berreskuratuko dute, garai batean asteazkenetan Ordiziako azokara joateko erabiltzen zuten Peribidea. Arama, Altzaga, Ordizia eta Gaintzako udalek, Goiturrek eta Ordiziako Jakintza Ikastolak elkarlanean aurrera eramango duten egitasmoa da.
Jon Gorrotxategi Gaintzako alkatearen esanetan, «garai batean gure arbasoek erabiltzen zuten bidea trazatu, garbitu, seinaleztatu eta jendearentzako erabilgarri jartzera goaz. Bide horien galerak, oinezkoak errepidea erabiltzera behartu ditugu, lotura desatsegin eta arriskutsuagoak izatera pasa garelarik».
Lau kilometro inguru
Lau bat kilometroko ibilbidea izango dela aurreikusten dute. Bide zati batzuk, dagoeneko egokituta daude, eta beste batzuk datozen hilabeteetan txukunduko dituzte. Gaintzatik, Kale Txiki ondotik abiatuta, Bostaitzeta eta Altzagako Abalia auzotik igarota, eta Aramako Artsuaga baserritik behera, Orkli kooperatibaren atzealdera aterako da bidea. «Abaltzisketa, Oreindain eta Baliarraingo herritarrek ere erabiltzen zuten bidea da», zehaztu du Gorrotxategik.
Istorioak jasotzen
Gaintza, Altzaga eta Aramako helduenen laguntza izan dute bidea osatzeko, eta bide horretako istorioak eta ondarea jasotzeko. Aramako Artsuaga baserrian taberna zegoela jakin dute, joan-etorriko bidean indarrak hartzeko. Aiesta-zuri baserria, berriz, oinetakoak aldatzeko tokia izan omen zen: oinetako zikinak kendu eta garbiak janztekoa, azokara dotore joateko.
Bidelagun gehiago ere badituzte: Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleak eta irakasleak. Gaur egin dituzte lehenengo lanak, Gaintzatik Ordiziarainoko bidea eginez.
Jakintza Ikastolako Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak eta irakasleak izango dituzte bidelagun Peribidearen berreskuratzean. Norvegia, Txekia eta Frantziako ikastetxe banarekin batera egiten ari diren proiektuaren barruan txertatuko dute. Txekiako ikasleak Ordizian dira aste honetan, eta atzo, elkarrekin egin zuten Gaintza eta Ordizia arteko bidea.
Larraitz Garmendia irakaslearen esanetan, lau herrialdeetako ikastetxeek egingo duten Erasmu + proiektuaren helburua, «inguruan dauzkagun ondare natural eta kulturalak ezagutzea, eta nolabaiteko sentsibilizazio lanketa bat egitea da gazteekin. Ikastetxe bakoitzak bere ibilbidea egingo du. Gurea, Peribidea izango da». Ikerketa eta azterketa lanak egin ondoren, «ezagutza guzti horiek denak aplikazio eta webgunea batean txertatuko ditugu». Behin arakatze eta jasotze lana egin ondoren, ibilbidearen diseinua egin eta material didaktikoa sortuko dute.