Haurdunaldian, jaiotza inguruan, jaioberritan eta txikitan hiltzen diren haurrak gogoratzeko memoria gunea izango da Legazpin
Udalak eta Esku Hutsik elkarteak landutako proiektuaren emaitza da. Hilerrian kokatuko dute, eta Juan Mari Burguera eskultorearen lan bat jarriko dute bertan. Datorren urte hasieran inauguratuko dute.
Legazpiko Udalak memoria gune bat eraikiko du hilerrian, haurtxoaren heriotzagatik doluan dauden familiei zuzenduta. Gune horretan Juan Mari Burguera herriko artistak egindako eskultura bat jarriko dute, hildako haurtxo guztien. Euskadiko memoriaren laugarren gunea izango da Legazpikoa, Gipuzkoako bigarrena.
Memoria gune hau egiteko proiektua udalak Esku Hutsik elkartearekin duen harremanetik sortu da. Haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren haurtxoen heriotzengatiko dolu elkartea da Esku Hutsik, eta Legazpira 20023an iritsi zen, Zumarragako Ospitaleko emagin den Jone Otamendiri esker, hark eman baitzion errealitate horren berri udalari. Harreman horren lehen emaitza, aurtengo urtarrilean Haurdunaldian, jaiotza-inguruan eta jaioberritan ematen diren heriotzengatiko dolua ikusarazten izenburupean egin zuten hitzaldia egin zen. Ondoren, otsailean, 2023an jaiotako legazpiarrentzako ongietorri ekitaldia egin zuen udalak, elkartea ere bertan zela. Handik aurrera, elkarlanarekin jarraitu dute, doluan dauden familiak ikusarazteko eta babesteko.
Orain, memoria gune hori eraikitzeko proiektuarekin ari dira lanean, Juan Mari Burguera eskultorearekin batera. Hilerrian, eskaileren lehen tartea igo eta eskuinaldean dagoen lorategiaren ondoan kokatuko dute, zehazki, eta 2025. urtearen hasieran inauguratzea espero dute..