Irene Paredes kirol gunea erabilgarri dago berriz ere
Uda osoan itxita egon da, besteak beste futbol zelaiko belar artifiziala aldatzeko. Oraindik lan batzuk bukatzear daude, baina kirol taldeak itzuli daitezke instalazioetara. Itxita egon den bitartean, kirolariek beste herri batzuetan entrenatu eta jokatu dute, udalak garraio kostua bere gain hartuta.
Irene Paredes kirol gunea zabalik dago aste honetatik, eta kirol taldeak bertako instalazioetan entrenatzera itzuli daitezke.
Kirol gunea itxita egon da uda osoan, futbol zelaiko belar artifiziala aldatzeko lanen ondorioz, besteak beste. Lan horiek lehiaketa publiko bidez esleitu zizkion udalak Obras y Pavimentos Especiales SA enpresari, 390.185 euroko aurrekontuarekin, eta maiatzaren 28an hasi eta irailaren 5erako amaituta egoteko baldintzarekin.
Baina obren amaiera hilabete inguru atzeratu da, eta oraindik lan batzuk egiteke daude. Atletismolko pista margotzea, argiztapen sistema jartzea, eta kirol gunea kiroldegitik irekitzeko sistemak instalatzea falta dira. Udalak azaldu duenez, amaitu gabe dauden lan horiek ez dira eragozpen kirol praktikarako, eta «ahalik eta azkarren osatuko dira». Gainera, datozen asteetan harmailetako eserlekuak berrituko dituztela iragarri du.
Kanpora entrenatzera
Kirol gunea itxita egon den bitartean, kirolariak beste herri batzuetara joan behar izan dira entrenatzera, eta udalak bere gain hartu du garraio kostuaren ordainketa. Eragozpen horiengatik barkamena eskatu die kirolariei zein senideei, eta eskertu egin dute kirol klubekin izandako «etengabeko komunikazioa».
Atzerapenagatik enpresa zigortuko du orain, eta kirolarien garraio kostuak ere erreklamatuko dizkio