Martin Zabaletaren Pasang Temba eta Pemba Tshering sherpak Legazpin egon zirenekoa gogora ekarri du Txusma Perezek
Duela 43 urte Legazpin izan ziren Everesteko lehen euskal espedizioko beste kide batzuekin batera, filma eta solasaldi baten aitzakian. Orduan Perez Azazetak zuen Kalotx tabernatik igaro ziren, eta bertan ateratako argazkia erakutsi du orain sare sozialetan. Temba Euskal Herrian dabil aste hauetan, eta azaroaren 6an Beasainen izango da.
Txusma Perez Azazeta mendizale eta idazle legazpiarrak duela 44 urte Martin Zabaletarekin Everestera igo ziren Pasang Temba eta Pemba Tshering sherpak Legazpin egon zirenekoa ekarri du gogora egun hauetan sare sozialen bidez.
Zabaletaren espedizioak 1980an egin zuen Everesteko gailurra, eta hurrengo urtean, 1981eko uztailean, espedizio hartako kide batzuk, tartean Pasang Temba eta Pemba Tshering sherpak, Legazpin izan ziren, balentria haren inguruko filma eta solasaldia antolatu zutelako. Garaia hartan Perez Azazetak zuen Kalotx tabernak txapel batzuk oparitu zizkieten taldekide haiei, eta une hartako argazkia atera zuten. Argazki horretan Pemba Tshering eta Pasang Temba sherpak agertzen dira txapelak jantzita, alboetan Periko Gabiria eta Antxon Burcio mendizale legazpiarrak dituztela.
Perez Azazetak argazkia sare sozialetan argitaratu du egun hauetan, une hura gogoratzeko, Pasang Temba Euskal Herrira itzuli delako, Alex Txikon mendizaleak gonbidatuta. Azaroaren 6an Beasaingo Mendi Festibaleko azken saioan parte hartuko du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.