Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa jokatuko da urriaren 23an
Azkeneko hamar urtetan iraileko azoka bereziko gazta txapelketa irabazi duten hamar gazta lehiatuko dira asteazkeneko azokarekin bat eginez.
Datorren asteazkenean, urriaren 23an, 37. Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa jokatuko da, asteazkeneko azokarekin bat eginez, 10:30etik aurrera. Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2015etik 2024ra) irabazleak lehiatuko dira bertan.
Lehiatuko diren gaztagileak ondorengoak dira:
- 2015. Jon Etxeberria eta Puy Arrieta. Ipiñaburu. Zeanuri (Bizkaia).
- 2016. Joseba Intsausti. Otatza. Ordizia.
- 2017. Jose Luis Odriozola. Agerre-Buru. Aia.
- 2018. Julen Arburua. Kortaria. Lekaroz (Nafarroa).
- 2019. Julen Arburua. Kortaria. Lekaroz. (Nafarroa).
- 2020. Patxi Lopez de Uralde. Larreako Gazta. Larrea (Araba).
- 2021. Eneko Goiburu. Ondarre. Segura.
- 2022. J. M. Jauregi eta Eli Gorrotxategi. La Leze. Ilarduia (Araba).
- 2023. Eneko Goiburu. Ondarre. Segura.
- 2024. J. M. Jauregi eta Eli Gorrotxategi. La Leze. Ilarduia (Araba).
10:30ean hasiko dira epaimahaikideak gaztak probatzen. Epaimahaia ondorengoek osatuko dute aurtengoan: Patxi Perez Elortondo eta Maria Victoria Urresti (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Iñaki Arrieta (Rekondo Jatetxea, Donostia), Arantxa Aguirrezabala (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Roberto Ruiz (Hika txakolindegia, Villabona) sukaldariak eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastronomia) kazetari gastronomikoak.
Sariak
- 1.saria: Urrezko Gazta garaikurra, urrezko domina eta 300 euro.
- 2.saria: Zilarrezko domina eta 200 euro.
- 3. saria: Brontzezko domina eta 100 euro.
Idiazabal Gazta Kofradiaren esanetan, “lehiaketa honetan sailkatutako lehen hiru sailkatuak eskudirutan jasoko dute saria, baina dominak lortzeko 7 puntu baino gehiago lortu beharko dituzte. Hoberen sailkatzen denak, berriz, 8,50 puntu baino gehiago lortzen baditu Urrezko Gazta eskuratuko du”.