Usoekin, hasi da ehiza garaia Ordiziako ferian
Mikel Lasak zituen salgai, urteko lehenak. Balerdipeko ezti saltzaileek ere hasi dute salmenta denboraldia, eztiarekin egindako produktu berriak eskainiz.
Eguraldi epelak eta haizetsuak lagunduta iritsi da aurten ehiza Ordiziako feriara. Gaur denboraldiko lehen usoak jarri ditu salgai Mikel Lasak, eta eskaintza horrek jende ugari erakarri du bere postura, ikusmirara batez ere. Usoak, luma eta guzti, 7 euroan zituen. Horixe izan da eguneko berritasunetako bat, baina ez bakarra.
Berritasun horien artean, Balerdipeko erlezainen itzulera aipatu behar da, uda garaiko atsedenaldiaren ondoren, berriz heldu diotelako diotelako azokako salmentari. Inaxio Arin jarri da gaur postuaren aurrean, eta eztia eta eztiarekin egindako produktuak jarri ditu salgai, horien artean feriak berria zen bat. Hala, honela osatu du eskaintza: txilar eztia (325 gramoko potea, 6 euroan); kakao krema zuria eta beltza, eta pralinea (250 gramoko potea, 4 euroan), ezti ozpina (litro laurdena, 4 euroan); kandela (euro baten); abaraska zatia (200 gramo, 10 euroan); eta ferian lehen aldiz ikusi den ezti konbutxa (750 ml., 10 euroan). Aurrerago produktu gehiago ekartzen joango dela esan du Arinek.
Udazkeneko barazkiak eta frutak
Gozo kontu horiek albo batera utzita, barazkietan ere izan da eskaintza berria, eta eguneko tenperaturak bestelakoa adierazten bazuen ere, udazken bete-betea dela gogoratzeko lehen romaneskuak eta lonbardak edo aza gorriak ikusi dira Monteseko Arantxa Iparragirreren postuan, lehena 2 eta 2,5 euro artean tamaina kontuan hartuta, eta bigarrena 2,5 euroan. Zeraingo Iñaki Intxaustik ere bazuen aza gorria, prezio berean.
Udazkenekoa da, baita ere, mizpira, eta gaur jarri ditu salgai aurtengo lehenak Altzagako Arantza Lopetegik, kiloa 3 euroan. Sagarren eskaintza, berriz, aldatu egiten da astetik astera, eta Jose Antonio Elosegik Story motakoa aurkeztu du, kiloa 3,5 euroan. Hurrengo asteetan sagar mota gehiago izango dituela aurreratu du gabiriarrak.
Landareen atala ere aipatu behar da, ziazerba saltzen hasi direlako Iguategikoak, landare bakoitza 0,10 euroan. Postu horretako Dimitrik azaldu duenez, urrian aldatzekoa da ziazerba, «aurretik landatzen bada, gora egiten duelako, eta urria pasatutakoan landatuz gero, ez zaiolako bururik egiten». Udaberriko aza ere landare berrien artean sartu du Dimitrik; hori 0,15 euroan dute.
Perretxiko eskaintza zabala
Perretxikoen atalean izan da beste berritasun bat ere, mendiko angula, Lasaren postuan hori ere. Hamar kilo jarri ditu salgai, kiloa 22 euroan. Bestela, Lasak berak, Barcinak eta Arantxa Lopetetik honako eskaintza mikologikoa osatu dute gaurko feriarako: 320 kilo onddo, 14 eta 28 euroan kiloa; 10 kilo gibelurdin, 22 euroan; 20 kilo ziza hori, 18 eta 22 euroan; 15 kilo gorringo, 18 eta 33 euro artean; 15 kilo niskalo, 10 eta 18 euro artean; eta 10 kilo saltsa perretxiko beltz, 22 euroan.
Horrelako kopuruak eta aukera zabala ikusita, ezin da ukatu oraintxe dela perretxiko garaia, zaletuen gozamenerako. Hala ere, kexu ziren batzuk, inguruko basoetan ez dagoelako onddorik, eta niskaloak ere, gutxi.
Kopuru kontuetan, berriz, ezin dira kexatu D’Elikatuz zentroko arduradunak, bisitari ugari ari direlako jasotzen ikastetxeetako ikasturte berria hasi denetik. Gaur bertan ikasle gaztetxo mordoa zebilen ferian postuz-poztuz, produktuen prezioak galdetuz eta zenbait erosketa eginez; Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoko ikasleak ziren. Bisitari helduxeagoak ere izan dira ferian, Basque Culinary Centerreko ikasleena, hain zuzen.