ERREPORTAJEA. Hitzek esan ezin dezaketena, argazki eta bideoetan
Bi hamarkada hauetako ibilbidean argazkilari eta bideo-egile askoren laguntza izan du GOIERRIKO HITZAk. Bihoakie erreportaje honen bidez lantalde guztiaren eskerrik beroena.
Hitza izan da erreminta nagusia GOIERRIKO HITZAren ibilbidean, eta oraindik ere bada, baina ez bakarra. Informazioa ematerakoan, hitzek esan ezin dezaketena transmititu dezakete irudiek: poz, haserre, frustrazio edota konplizitate keinuak (bideoetan ahotsak), eguraldiari lotutako gertaeren edo istripuen ondorioak (uholdeak, ekaitzak, elurteak, suteak…) edo, besterik gabe, hitzez soilik deskriba ezin daitezkeen egoeren ikusgarritasuna (COVID 19aren garaian bizitako momentu arrotzak eta ordura arte pentsaezinak), besteak beste. Emozioak eta momentuak izozteko gaitasunaz harago, irakurlea testuinguruan kokatzeko eta irakurtzen duen horren zentzua osatzeko balio dezakete ikus-entzunezkoek askotan. Irudiz osatzen baitugu gure imajinarioa.
GOIERRIKO HITZAren sorreratik argazkiak tresna baliagarriak izan dira informazioaren osagarri izateko. Jada digitalizatuta zegoen mundu horretan, kazetari bakoitzak bere lana osatzeko erabiltzen zuen argazki kamera, gaur egun bezalaxe. Geroago, beste elementu bat sartu zen jokoan: bideogintza. Baina masifikatu egin da jabetza eta erabilera; sorrerako garaian, irakurleek eskaneatuta bulegora eraman ohi zituzten argazkiak argitaratzeko; gaur egun, argazkiak egiteko gailurik -mugikor ia denek dituzte bideo eta argazki kamerak- gabeko herritarrik ia ez da, eta internet-arekin, horiek zabaltzeko bideak erraztu dira.
Argi dago, esaerak dioen bezala, askotan mila hitzek irudi batek baino balio handiagoa dutela. GOIERRIKO HITZAk, argazkien garrantziaz eta hedapenaz jabetuta, argazki lehiaketa jarri zuen martxan sorrerako urtean ez, baina hurrengoan. Harpidedunen eta irakurleen parte hartzeari esker, aurten 19. udako argazki lehiaketa egin da. Hitzek ez ezik, irudiek eraikitzen dute gure mundua.
Argazkilariak
20 urteotan hainbat argazkilari/bideolariren kolaborazio eta laguntza izan du HITZAk. Haien lanari eskerrak: Gotzon Aranburu, Angel Elortza, Pello Agirrezabal, Mikel De Las Heras eta Carlos Mediavilla, beste batzuen artean.
GOTZON ARANBURU. «Beti pentsatu dut tokiko informazioa dela kazetaritza inportanteena»
«Oso gazterik hasi nintzen argazkiak egiten. Bideoak 30 bat urterekin, kazetari hasi ondoren. Analisia egiteko, zergatiak azaltzeko, hitza onena. Baina zerbait erakusteko, dela manifestazio bat edo bertso saio bat, bideoa hobeto. Kazetari onenak ere ezin du hitzez azaldu irudiak eta audioak ematen duten informazioa. Elkarrizketetan ere, idatzizko kazetariak editatu egiten du, keinuak, ahotsa… galdu egiten dira. Bideoan ez». Goierriko Hitza-ko bideo kolaboratzailea da, hasiera-hasieratik. «Beti pentsatu izan dut tokiko informazioa dela kazetaritza inportanteena».
ANGEL ELORTZA. «Jendeak ikustean transmititzen dien zirrara da gehien pozten nauena»
Sorreratik ekitaldi ezberdinetako argazkiak utzi ditu. «Ormaiztegiko ekitaldi guztietako argazkiak egiten nituen eta kolaboratzen hasi nintzen, lana erraztu nahian. Egin egunkariarentzat berdin egin nuen, orduan jabetu nintzen egindako guztia herriko historiara pasatuko zela». Kirola, festak, paisaiak… gai ezberdinak jorratzen ditu. 17 urterekin lehen kamera erosi zuen, pixkanaka zaletu, eta harrezkero –batez ere, 2004an digitala erosi zuenetik–, kamera eskuan ibiltzen da. «Errepikatuko ez diren uneak dira. Jendeak ikusten dituenean transmititzen dien zirrara da gehien pozten nauena».
CARLOS MEDIAVILLA. «Digitalera pausoa eman nuen eta hor jarraitzen dugu»
«Urretxu-Zumarragako festetako garai bateko lehiaketak, Ordizia Rugby Elkarteko partidak, San Fermin jaietako irudiak…». Argazki mordo bat utzi du. Sanferminetako entzierroa da bere gai kuttuna, baina hortik harago doa bere argazkilaritza lana. Makina bat lehiaketa irabazi ditu eta erakusketak ere egin ditu: paisaiak, kultur eta kirol ekitaldiak… Digitalean lan egiten duen arren, analogikoa du gustukoen: «Digitalera pausoa eman nuen eta hor jarraitzen dugu. Edizioarekin abusatzen ez bada gauza politak ateratzen dira, baina ni analogikoarekin geratzen naiz».
PELLO AGIRREZABAL. «Zegama-Aizkorriko bilduma handia daukat, beti Andraitzeko lepoan»
1972an erosi zuen lehen kamera, Brinkolako kuadrillakoen artean. «1970. urtean hasi ginen 10 pezeta jaiero jartzen, eta horrela erosi genuen. Argazkigintzaren zaletasuna Don Abelino maisuaren bidez izan nuen. Eskolan eta mendian asko ateratzen zizkigun eta gero guri banatu». Digitalarekin, berriz, 2000. urtean hasi zen. Pertsonen argazkiak ateratzea gustatzen zaio gehien. «Argazki asko kirolaren ingurukoak ditut: atletismoa, txirrindularitza, Zegama-Aizkorriko bilduma handia eta ederra daukat, beti Andraitzeko lepoan». Argazkiak utzita kolaboratu du berak ere.