Herritarrek eta lagunek euren «babesa» adieraziko diote Aranbururi, biharko ongi etorrian
Asier Alberdi buru belarri dabil egun hauetan, Alex Aranburu lagunarentzako ongi etorria prestatzen. «Alexen Ezkioko lagunak ari gara biharkoa antolatzen, udalaren laguntzarekin», dio. Aranbururen ibilbide profesionala oraindik «luzea» dela eta ez diote omenaldi itxurarik eman nahi izan biharko ekitaldiari, «ongi etorri bat izango da. Gelditzen zaion bide horretan gure babesa duela adierazi nahi diogu Alexi», azpimarratu du.
12:00etan, udaletxetik Ezkioko herrigunera Alexekin bizikletan igotzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, «uste dugu, batez ere, haurrei ilusioa egingo diela», zehaztu du Alberdik. Ongi etorri ekitaldia izango da ondoren, 13:00etan, plazan eta herri bazkaria egingo dute 14:00etatik aurrera frontoian. Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariek eta Iker Zubeldia eta Mikel Etxezarreta bertsolariek girotuko dute bazkalondorena. «Herriko jendea elkartuta, guztion artean egun polit bat pasatzeko aitzakia izango da biharkoa», dio Alberdik.
Lagun «jatorra eta umila» da Aranburu Alberdirentzat; «bizilagunak izanik, beti elkarrekin ibili izan gara Ezkion, nahiz eta kuadrilla Ormaiztegin eduki». Gordeta dauzkan umetako irudietan Alex «beti» bizikleta eskuetan gogoratzen du. «Mundu mailan iritsi den lekuraino iritsita, goraipatzekoa da egiten ari dena», dio. «Ea egunean bertan zer moduzko irribarrea ateratzen diogun», amaitu du.