Zumarragako Udalak zergak %3 igotzea erabaki du, alderdi guztien aldeko botoarekin
PSE-EE, EH Bildu eta EAJk diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenek kiroldegia, arte ederren eskola eta udaleku irekiak doan izatea adostu dute
Zumarragako Udalak zergak, tasak eta prezio publikoak %3 igotzea erabaki du, aho batez: PSE-EE, EH Bildu eta EAJk alde bozkatu dute.
Jose Mari Bermejo Ogasun zinegotziaren esanetan, ordenantza fiskalak zaurgarrienen mesedetan egin dituzte: «2025eko ordenantza fiskalak zaurgarrienei zuzenduta egin ditugu, baina zerbitzuak emateari utzi gabe». Igoera orokorra %3koa da, baina salbuespenak daude: zaborraren tasa %8 igoko da, legeak udala kostua estaltzera behartzen baitu. Diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenek %100eko hobaria izango dute kiroldegian, arte ederren eskolan eta udalekuetan. Azken neurri hori EH Bildurekin adostu dute.
EAJko Josu Idigoras pozik azaldu zen EH Bildurekin «adostasun txiki» bat lortu dutelako. «Hori da bidea. Ea zabaldu dugun bide horretatik jarraitzen dugun aurrekontuetan, Zumarragaren onerako izango da».
EH Bilduko Aritz Elgarrestak beraien aurtengo proposamenak iazkoaren ildoa jarraitzen duela esan zuen. «Tasa sistema progresiboa diseinatu genuen. Bakoitzak bere ahalmenaren arabera ordain dezala. Bestalde, guk %2,6ko igoera proposatu genuen KPIaren abuztutik abuzturako igoera %2,6koa izan zelako. Baina %3ko igoera ondo iruditzen zaigu. Zenbatekoa baino, nolakotasuna da eztabaidatu beharrekoa. %100eko errekargua proposatu dugu etxebizitza hutsentzat. Jabeekin harremanetan jarri beharra dugu, Bizigunera eta merkatu librera atera ditzaten. Zaborren tasari dagokionez, gutxien sortzen duenari saritzea proposatu dugu. Diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenek kiroldegian, arte ederren eskolan eta udaleku irekietan %100eko hobaria izatea aurrerapauso kualitatiboa da».
PSE-EEko Rosa Maizak progresibitatea ezartzea zaila dela esan zuen, «udalak ez baititu horretarako behar diren baliabide teknikoak». Etxebizitza hutsei errekargua ezartzeari dagokionez, beraien politika etxebizitza sozialak eraikitzea dela aipatu zuen. «Etxebizitza hutsei errekargua ezartzea konplexua da. Teknikari bat kontratatu dugu azterketa bat egiteko eta Zumarragan 140 etxebizitza huts daudela kalkulatu dugu. Eskariari dagokionez, 358 etxebizitzakoa da. Zabor gutxien sortzen dutenei saritzeari dagokionez, Zumarragan gaikako bilketa %78ra heldu da. Zaila da datu hori hobetzea».
Mikel Serrano alkateak beste herri batzuetan ere ez dela progresibitatea martxan jartzen esan zuen. Etxebizitzari dagokionez, Eitzan 108 etxebizitza sozial egiten ari direla gogoratu zuen. «Kalebarrenen eta geriatriko zaharrean ere egingo dira. 3.400 etxebizitza daude eta horietatik 140 bakarrik daude hutsik. Ez da kopuru handia eta guk beste bide bat hartu dugu. Bestalde, oposizioak alde bozkatzea keinu garrantzitsua iruditzen zait».
Elgarrestak herri batzuetan etxebizitza hutsei errekargua ezarri zaiela gogoratu zuen eta 140 etxebizitza merkatura ateratzea ez dela «txikikeria» esan zuen. Beste toki batzuetan progresibitatea ezarri dutela eta Ogasun ministerioak zabor gehien sortzen duenari gehiago kobratzea aholkatzen duela gogoratu zuen. «Gasteizen, non PSE-EEk gobernatzen duen, eta Durangon, non EAJk gobernatzen duen, hori egin dute». Etorkizunera begira, akordioetara heltzeko prest daudela eta aurrekontuen prozesuan parte hartu nahi dutela gehitu zuen.
Serranok zabor bilketan hobariak ezarri dituzten herri eta hirietako gaikako bilketa datuak ez direla Zumarragan bezain onak esan zuen. «Ia %80ko bilketarekin, ze zentzu du hobariak ezartzea. Sasietak berak Zumarragako datua hobetzea oso zaila dela esan du». Elgarrestak hobarien helburuetako bat jarrera egokiak saritzea dela erantzun zuen.
Ur hornidura eta estolderia zerbitzuaz arduratzen den Aquarbe enpresak zerbitzuaren prezioa %5 igotzea eskatu du egun kobratzen duenarekin gastuak estali ezin dituelako. Udalak onartu egin zuen, PSE-EE eta EAJren botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen. «Aquarbek benetan galerak izan dituen ikusteke dago. Excel batekin ez da nahikoa. Kontu horiek izatera itxaron zenezaketen edo Aquarbek udalari ordaintzen dion kanonaren zati bat erabili, baina horren ordez herritarrei gehien kaltetzen dien erabakia hartu duzue», esan zuen Elgarrestak.