Aratz Igartzabal eta Araiztegi final-laurdeneko Eibarko saioan ariko dira bihar
Agin Laburu, Alaia Martin, Haizea Arana eta Manu Goiogana izango dituzte kantukide.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako fasea asteburu honetan hasiko da. 30 bertsolarik kantatuko dute, bost saiotan. Final zortzirenetatik sailkatu diren 24 lagunei, 2019ko finalean kantatu zuten sei gehituko zaizkie, tartean Nerea Elustondo legazpiarra.
Final-laurdenetako aurreneko saioa bihar Eibarren jokatuko da, 17:00etan, Coliseo antzokian. Bi goierritar ariko dira, Aratz Igartzabal gabiriarra eta Eneko Araiztegi segurarra, Agin Laburu, Alaia Martin, Haizea Arana eta Manu Goioganarekin.
Asteburuko bigarren saioa etzi, igandea, Errenterian da –goierritarrik ez dago–. Hurrena, Azkoitian 26an (Maialen Akizu), Irunen 27an (Iñaki Apalategi eta Amaia Iturriotz), eta Tolosan azaroaren 3an (Elustondo) dira saioak.