Artilea eta zaborra, etenik gabe mendian
Ataunen egindako azken auzolanean artile zakukadak jaso behar izan dituzte berriro. Agauzko leize baten garbiketa eten behar izan dute, amiantoa agertu delako.
Ataungo Natur Zikloaren barruan Otsotarrak elkarteak eta udalak deituta larunbatean egin zuten auzolanean, mendiko eta basoetako kutsaduraren eta hondakinen arazoa bistarazi du, behin berriro. Urriko auzolanean 14 lagun aritu ziren, batzuk San Martin, Arrondo eta Ergoiena herriguneen garbiketan, eta beste batzuk Aizmusu eta Aiako Agautz mendi parajeetan.
Artilea botata aurkitu dute orain ere. Azkeneko auzolanean zakukadak jaso eta erretiratu bazituzten ere, Aizmusun berriro dozena bat zaku botata utzi ditu baten batek. 150 edo 200 kilo inguru atera zituzten boluntarioek eta foru basozainek. Urkillaga eta Lareo arteko pistan, malda handiko malkar batean behera botata zegoen artilea, pentsu-zakuetan sartuta. Mendizaleen soka finkoak ezarri behar izan zituzten, hondakinak sakonetik bideraino ateratzeko.
Ataungo Udalak auzolanari buruz zabaldu duen txostenean, gogorarazi du legez kanpokoa dela artilea mendian botatzea edo uztea, eta elkarlana indartzeko konpromisoa hartu du.
Leizeak, zabortegi
Agautz inguruko leize txiki batera ere sartu ziren, barruan zegokeen zikinkeria garbitzeko asmoz. Uste baino gehiago topatu dute: «Leizea txikia izan arren, ehunka kilo zabor aurkitu dugu barruan; batez ere txatarra, beira eta ontziak», dio udalaren txostenak.
Bertan behera utzi behar izan zuten garbiketa, ordea. Amiantoa eduki dezakeen materiala topatu zuten, lanean hasi eta berehala. Osasun arriskuagatik, eten egin zuten bilketa. «Gisa honetako lanetan aditua den talde baten esku uztekotan geratu gara. Aldundiarekin harremanetan jarriko gara lan horiek ahalik eta lasterren egin daitezen».
Neguan egingo dute Ataunen hurrengo auzolana.