Belaunaldiak lotuz, Lab Batu
Bihar, Kulturen Arteko Egunean zehar aurkeztuko dute Lab Batu batukada taldea. Belaunaldien arteko harremanak lantzen ari den GizarteLab egitasmoak bultzatu du.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak elkartzeko lanean ari den GizarteLab egitasmoak bultzatuta, Lab Batu batukada taldea sortu dute Legazpin, eta bihar, Kulturen Arteko Egunean zehar aurkeztuko dute. Batukadaren lehen emanaldi publikoa Euskal Herria plazan izango da, 11:45etik 12:30era bitartean. Aurretik, 11:15 inguruan, Gizarte Zentroan joko dute, eta plazako emanaldiaren ondoren, baita kalean ere, erdigunean.
GizarteLab egitasmoan parte hartzen ari den Feli Arrese-Igor da batukada berezi honen gidaria, baduelako esperientzia horrelako musika taldeetan. Orain Tolosako Mulambo batukadan jotzen du, eta garai batean Legazpiko bertako Ehunzango taldean ere jotzen zuen.
Lab Batu taldean adin oso ezberdinetako 54 legazpiar bildu dira, eta asteak daramatzate astelehen iluntzetan Haztegiko pilotalekuan entseatzen. Hiru pieza edo bloke prestatu dituzte biharko emanaldirako, eta inprosibatu ere egingo dute.
Perkusioa da batukadaren oinarria, eta hainbat tresna benetako musika instrumentuak dira, baina ia gehienak, birziklatutako elementuekin egindakoak dira: pintura poteak, litroko jogurt ontziak, patata frijituen tutuak…
Belaunaldiartekotasuna
Belaunaldiartekotasunean fokua jarrita, Legazpiko ikastetxeei eta hainbat elkarteri egin zieten deialdia batutaka bat sortzeko, eta gerora, bakarka ere hurbildu da jendea, 54 musikariko taldea osatzeraino. Gaztetxoenak 9-10 urte ditu, eta helduenak ia 80 urte. Haurrak, gazteak, helduak eta helduagoak, ia adin tarte guztiak daude ordezkatuta, emakumezkoekin eta gizonezkoekin.
«Deialdia oso arrakastatsua izan da», dio Arrese-Igorrek, «eta printzipioz larunbat honetarako bakarrik zegoen planteatuta, baina jendea ari da jarraipena eskatzen». Larunbateko emanaldiaren ondoren erabakiko dute.