Estibaliz Urresolak ‘20.000 erle espezie’ filma aurkeztuko du Igartubeitin
Zinemateka egitasmoaren baitako jarduera izango da, Espainiako landa eremuko emakumeen eta zinemaren zikloaren harira; azaroaren 9an.
Igartubeiti baserri museoak 20.000 erle espezie filmaren emanaldia eskainiko du datorren azaroaren 9an Zinemateka proiektuaren barruan. Zinemateka zine erakusketa ibiltaria da, eta landa eremuan bizi diren emakumeak protagonista dituen filmak eskaintzen dira. Hain zuzen, urriaren 15ean ospatu da landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna, eta egun horren testuinguruan, urtero gauzatzen da Zinemateka ekimena urrian eta azaroan.
Azaroaren 9ko jardunaldiari dagokionez, Estibaliz Urresola (Laudio, Araba, 1984) zine zuzendariak aurkeztuko du Igartubeitin, nazioartean hainbeste sari eta errekonozimendu suposatu dizkion 20.000 erle espezie filma. Filmaren emanaldia 16:00etan hasiko da eta ondoren, 18:15ean zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera egongo da.
Emakumeen lana ikusaraztea
Ekimen honen helburu nagusia landa ingurunean bizi diren emakumeek egiten duten lana ikustaraztea da. Baita, bide batez, hirietako biztanleak landa eremuko errealitatera gerturatzea ere, emakumeen eginkizun egituratzailea, soziala eta ekonomikoa nabarmenduz eta herri eta hirietako biztanleen arteko ulermena eta konplizitatea bultzatuz.
Azaroaren 9ko jardunaldian parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Igartubeitiren web gunean sartuta egin daiteke online; baita igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita edo 943 72 29 78 telefonora deituta.