‘Gure auzoa eraikitzen’ gaia landuko dute aurtengo Hip-hip Urri! jardunaldi artistikoetan
Bi saio izango dira gaur arratsaldean Idiazabalen. Gure auzoa eraikitzen da aurtengorako aukeratu duten gaia.
Familiei zuzendutako Hip-hip urri! jardunaldiak gauzatuko dira gaur arratsaldean Idiazabalen, Ikertze kultur elkartearen eskutik. Bi saio izango dira: 16:30etik 18:00etara eta 18:30etik 20:00etara, plazan. Jardunaldi hauek 5 urtetik gorako haur eta gazteei eta haien familiei zuzenduta daude.
Aurtengo jardunaldietarako Gure auzoa eraikitzen gaia aukeratu dute eta “etxea, babesa, familia, identitatea edo auzoa” bezalako kontzeptuek duten esanahiari buruzko hausnarketa egitea da helburua.
Komunitate bat eraikitzen duten aspektuen bidez eta elkarrizketa parte hartzailea sustatuz, sortuz joango diren gaiak aztertuko dituzte. Ideia da jolasaren bitartez, —margotuz, moztuz, itsatsiz— bakarkako lanetik hasi eta talde lanera eramatea; proposamen horrek, familiak inplikatuko ditu auzoaren eraikuntzan.
Partaideen ekiteko ahalmena, eta aldi berean, besteekiko entzute aktiboa sustatuko dituzten lan prozesua proposatzen dute saio hauek. Haurrek zein familiek espazio publikoa kulturaren eta artearen alde erabili dezaten, aurreko urteetan bezala, espazio publikoa okupatuko dute. Parte hartu ahal izateko oraindik leku libreak daude. Izena emateko ikertze@ikertze.net-era idatzi edo 943 31 04 61 telefonora deitu daiteke.