Ilusio berrituekin, berriro irekita
Igartza futbol zelaiko tabernaren gidaritza hartu dute Eba Gonzalezek eta David Garciak. «Ilusio handia» dute negozioari aire berri bat emateko. Egunero irekiko dute, eskaintza zabalarekin.
Igartza futbol zelaiko taberna zabalik dago berriro. Asteazkenean egin zuten inaugurazioa, eta herritarren aldetik jasotako erantzuna bikaina izan zela kontatu dute maizter berriek. Bi hilabetez itxita egon da taberna, Seguran bizi diren Eba Gonzalez zumaiarrak eta bere bikote David Garcia beasaindarrak negozioaren gidaritza hartu duten arte.
«Ilusio handiarekin eta ideiak garbi» hasi du ibilbide berri hau Gonzalezek. Goierriko ostalaritza eskolan egin zituen ikasketak, eta esperientzia zabala du sektorean, baina orain lortuko du arantza kentzea. «Beste sektore batzuetan ere aritu izan naiz lanean, administrari lanetan ibilitakoa naiz enpresa desberdinetan, baina beti pentsatu izan dut ostalaritza eta sukaldaritza dela nire mundua. Ostalaritza establezimendu desberdinetan lan egin dut eta CAF lantegiko jangelan sukaldari aritu naiz ere. Dena den, beti izan dut gogoa nire negozioa irekitzeko. Nire filosofia, nire ideiak, aurrera eraman nahi ditut. Oraintxe dut horretarako aukera!», kontatu du Gonzalezek tabernari ukitu propioa emateko gogoz datorrela agerian utziz.
Etapa berri honetarako, lokalean hainbat berrikuntza egin dituzte. «Hainbat hobekuntza lan egiteaz gain, itxura berritu egin dugu lokala. Niretzat garrantzitsua zen Beasain futbol taldeari erreferentzia egitea, nola ez, baina Goierri Gorri nesken futbol taldeak ere hemen entrenatzen eta jokatzen du, eta haiei ere ikusgarritasuna ematea, emakume bezala, derrigorrezkoa zen». Horregatik, Goierri Gorriren logoa ere jarri du tabernan; «euren txokoa ere badela sentitzea nahi dut hemendik aurrera», gehitu du.
Bertakoa eta garaikoa
Igartza futbol zelaiko taberna, futbolarien eta futbolzaleen txokoa baino askoz gehiago izateko zabaldu dituzte ateak. Aro berri honetan, bertan eskaintzen den produktuari arreta berezia jarriko diote. «Oso garrantzitsua da bertako altxorrei balioa ematea. Kalitate goreneko produktuak eskaini nahi ditugu, gertukoak eta garaian garaikoak. Horregatik, inguruko ekoizleekin lan egingo dugu», aurreratu du Gonzalezek. «Zer jaten dugun, hau da, nola ekoiztu den eta nondik datorren, oso garrantzitsua da. Beraz, kontu handiarekin aukeratuko ditugu gure pintxoak eta platerak prestatzeko lehengaiak eta ekoizleak».
«Beti izan dut gogoa nire negozioa irekitzeko. Nire filosofia, nire ideiak, aurrera eraman nahi ditut. Oraintxe dut horretarako aukera!»
«Kalitate goreneko produktuak eskaini nahi ditugu, gertukoak eta garaian garaikoak. Horregatik, inguruko ekoizleekin lan egingo dugu»
Eba Gonzalez. Ostalaria
Pintxoak, Ekotaloren taloak, denboraldiko produktuekin prestatutako platerak, Igartza auzoko Iñaki Ormazabal harategiko haragia, Beasaingo Saltsamendi baserriko eta Zeraingo Mendarte baserriko produktuak… Gustu eta bizi estilo desberdinei egokitutako menua izango dute; pizza artisauak, eskaintza beganoa… Eta edatekoen artean, Itsasoko Hariztizabal baserriko zukuak, ardo ekologikoa eta Legorretako Basabe garagardoa izango dituzte, besteak beste. Bitxikeria bezala, Basabe garagardoak kañero bidez eskainiko dituen lehen taberna da.
Astelehenetik ostiralera 13:00etatik 22:00etara egongo da zabalik; ostegunetan, 15:30ean irekiko dute; larunbatetan 08:00etatik 23:00ak arte; eta igandeetan 16:00ak arte, partida egunetan edo egun berezietan izan ezik, horietan arratsaldeetan ere zabalduko baitute.