Mahai gainean bertso kantari, ‘Jainkoa’-ren omenez
Jainkoneko bertso saioa egingo dute Legorretan igandean, 13:00etan, Olaso tabernako terrazan. Alaia Martinek eta Aitor Mendiluzek mahai gainean egingo dute bertsotan, eskuan mikrofonoa hartuta, gai librean.
Bertsolariak ohituta daude toki eta egoera desberdinetan kantatzera, baina seguraski, Legorretan bezala, inon gutxitan ariko dira bertsotan. Izan ere, Olaso tabernako terrazan bi mahai elkartu, aulki baten laguntzaz bi bertsolariak mahai gainera igo, mikrofonoa eskuan hartu, eta ia ordubeteko saioa egiten dute gai librean. Igandean 13:00etan izango da aurtengo Jainkoneko bertso saioa, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.
2015ean hasi ziren Jainkoneko bertso saioa antolatzen, Olaso tabernako Jexux Eskisabel Jainkoa-ren eta bere familiaren oroimenean, Legorreta Ordiziatik bereizi zeneko 400. urteurreneko ekitaldien barruan. Izan ere, «XX. mendearen erdialdean Legorretan zeukan tabernan erromeriak eta festak antolatzen zituen Eskisabelek. Garai hura gogoratzeko, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariak, eta Isidro Larrañaga eta Irati Hartsuaga soinu-jotzaile tolosarrak» ekarri zituzten Olasoko terrazara. «Orain geratu da, Jexux Eskisabelen oroimeneko saio bat bailitzan. Jexux eta bere familia. Jainkoa bera zen tabernako nagusia eta lana egiten zuen familia guztiak».
Beste batzuen artean, Odei Lopez bertsolaria aritzen da antolaketa lanean, eta argi du beretzat, «urteko egun seinalatu horietako bat dela» Jainkoneko bertso saioaren eguna. «Garai bateko bertso saio baten antzekotasuna eman nahi genion. Lehenengo urtean bi saio izan ziren: larunbat arratsalde batean eta igande eguerdi batean. Igandekoa bakarrik mantentzen dugu», argitu du.
Garai bateko bertso eskola
Olaso taberna Euskal Herriko bertsolarientzat erreferentzia tokia izan zen joan zen mendean. «Garai bateko bertso eskola moduko bat zela irudikatu dezakegu gaur egun. Taberna horretatik inguruko eta Euskal Herriko bertsolari onentsuenak pasatuta daude. Lazkao Txiki, Lizaso, Lasarte, Uztapide, Azpillaga… garai bateko bertsolari onenak pasatu dira. Goiburu, Igartzabal…».
Orain ere, puntako bertsolariak ekartzen ahalegintzen dira. «Orain arte ondo funtzionatu duen saio bat izan da. Egia da saiatzen garela punta-puntako bi bertsolari ekartzen. Jon Maia eta Amets Arzallus etorri ziren lehenengo aldian. Iker Zubeldia, Julio Soto, Andoni Egaña, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Amets eta Maialen Arzallus, Maialen Lujanbio… Aitor Mendiluze lehenengo aldiz ariko da Jainkoneko saioan. Ea gustatzen zaion».
Janaren laguntzaz
Jainkoneko bertso saioaren beste ezaugarri bat, bertsolariak gai librean aritzea da. «Gai librean erabat. Bertsolariek ateratzen dute saioa aurrera. Normalean ordubete bueltako saioa izaten da». Aurretik egiten duten hamaiketakoa lagungarri izaten zaie horretarako, eta saioan «jendea oso-oso gertu» izatea ere bai. «Bertsolariari ere joko pixka bat ematen dio horrek».
Lehen ere mondeju garaian egiten omen zen Olasoko bertso festan, eta garai berrian ere, horregatik erabaki zuten saioa urrian egitea. Eta noski, mondeju eta haragi egosi pintxoak, eta salda lagun dutela osatuko dute bertso eguerdia.