Jon Urzelai zumarragarrak saiakerako Euskadi Saria irabazi du 'Su festak' liburuagatik
Jon Urzelai zumarragarrak saiakerako Euskadi saria irabazi du, Su festak liburuagatik (Susa). 18.000 euro irabaziko ditu eta 4.000 gehiago ere bai lana beste hizkuntzaren batera itzuliko balute.
Urzelai kultur kazetari, soziologo eta Berria egunkariko kolaboratzailearen lehen saiakera da Su festak (Euskal musika jaialdiak XXI. mendean) lana. Azken urteetan hedatu den musika jaialdi handien fenomenoa aztertzen du liburuak, haren dimentsio globalari, Euskal Herrian hartu dituen formei eta azpitik doazen korronteei begiratuta. Musikaren inguruan ez ezik, beste hainbat auziren inguruan ere ari da, bada, liburua; euskaltasunaz eta gentrifikazioaz, besteak beste.