Pentsioen aldarria, ekimen legegileari begira
Eusko Legebiltzarrean irailaren 26an erregistratu zuten ekimena, eta Parlamentuko Mahaiak hilabetean ebatziko du tramiterako onartu ala ez.
Goierriko Pentsiodunen plataformak astelehenean Lazkaon egin zuen asteroko bilkuran herri ekimen legegilearen (HEL) bilakaeraren berri eman zuen. Eusko Legebiltzarrean irailaren 26an erregistratu zuten ekimena, eta Parlamentuko Mahaiak hilabetean ebatziko du tramiterako onartu ala ez. Pentsioei buruzko eztabaida legebiltzarrera irits dadin nahi du EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. «Tramitera onartu zain egon gabe, herri ekimen legegilea antolatzea eta gizarteratzea dagokigu», azaldu dute Goierriko Pentsiodunek.
Ekimen legegileari zilegitasuna emateko, gutxieneko 10.000 sinadurak biltzen ari dira pentsiodunen plataformek. Alderdi politikoekin ere ari dira hizketan; PSErekin, esaterako. Legebiltzarreko talde juridikoaren oniritziaren zain utzi zuten postura.
Atzo Donostian hitzaldi bat egin zuen Arturo Val del Olmok, pobreziaren aurkako nazioarteko egunarekin bat etorrita.
Izan ere, pobrezia egoerarekin lotzen dute «pentsio duinik» ez izatea. «Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko 2022ko inkestak ziurtatu du zabaldu egin dela hilabete bukaerara ezin iritsia eta ongizaterik eza, biztanleriaren %22,3ra iritsi arte». Aberastasunaren «banaketa bidegabea» salatu dute. Hargatik, pentsio publiko duinak guztientzat eskatu dituzte.
Datorren astelehenean Ordizian egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan, Barrena parean.