Ezkiotarrek ongi etorri beroa egin diote Alex Aranbururi
Ezkiotarrek ongi etorri beroa egin diote gaur herriko seme ezagunenari, Alex Aranburu Deba txirrindulariari. Txirrindulariek ia urte guztia etxetik kanpo pasatzen dute eta urrian hartzen dute atsedena. Aranbururi ere ongi merezitako atsedena hartzeko ordua heldu zaio, herrira itzuli da eta lagunek eta udalak ongi etorria antolatu diote.
Eguerdian udaletxetik Ezkioko herrigunera igo dira bizikletan, Aranburu buru zutela. Ondoren, ongi etorri ekitaldia egin dute, elizaren aurrean. Iker Zubeldiak eta Mikel Etxezarretak bertso bana abestu dute. Joseba Telleria alkatea izan da hitza hartzen lehena. Ezkiotarrak harro daudela esan du, Aranburuk herriaren izena mundu osoan zabaltzen duelako. Umila eta haurrentzat eredugarria dela ere aipatu du. Ainhoa Albizuk eta Itziar Etxezarretak oroigarri bat oparitu diote herritar guztien izenean eta lehengusuek aurreskua dantzatu diote eta lore sorta oparitu. Ez dira jaso dituen opari bakarrak izan: Ezkio Martxan kirol taldeak makil bat oparitu dio, lagunek argazki handi bat eta eskolako haurrek eskola txikien festako kamiseta (2025ean Ezkion egingo da) eta beraiek egindako eskulanak. Aranburuk eskerrak eman dizkie guztiei.
Taldeko argazkia atera ondoren, kalejira egin dute Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariekin eta ondoren bildutako guztiek elkarrekin bazkaldu dute. 170 lagun inguru elkartu dira. Trikitilariek eta bertsolariek girotuko dute bazkalondorena.