Legazpiarrek kultur aniztasuna aldarrikatu dute
Goizean jende asko elkartu da Azoka gunean eta giroa bikaina izan da
Kulturen arteko eguna ospatzen ari dira gaur Legazpin. Herriko kultura aniztasuna erakusteko asmoz, udalak eta Hotz Legazpi elkarteak egitarau zabala prestatu dute. Goizean, Azoka gunean, postu ugari izan dira, jarduera asko, eta gastronomia eta musika ez dira falta izan. Jende andana elkartu da eta giroa bikaina izan da.
Hamaika herrialdetako ordezkariak izan dira: Kuba, Pakistan, Honduras, Peru, Nikaragua, Argentina, Senegal, Maroko, Venezuela, Mendebaldeko Sahara eta Euskal Herria. Janari postuak jarri dituzte eta ondoan mahaiak eta aulkiak bertan jateko, bitxiak eta artisau lanak izan dira salgai Pitxiar, Mor Mbathie eta Mikromakrame postuetan, hainbat jarduera eta jolas egiteko aukera izan da, musika eta dantza emanaldiak izan dira, eta Katxalin elkarteak ere izan du ordezkaritza.
Festak 18:30ak arte jarraituko du. Gainera, hainbat ekitaldi izango dira: 16:00etatik 17:00etara ipuin kontaketa Betzaida Urtazarekin, 17:00etan jolasak Sorgintxulorekin eta 17:30ean Kawadeni taldea, Ginea Konakriko dantza eta musika.