Goierriko pentsiodunak Madrilera joango dira larunbatean
Asteleheneroko elkarretaratzea egin dute gaur Ordizian. Arabar Errioxako ardoa jarri dute salgai Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren 7. urteurrena eta Herri Ekimen Legegilearen kanpaina finantzatzeko.
Asteleheneroko elkarretaratzea egin dute gaur goizean Ordizian Goierriko pentsiodunek eta jubilatuek. Amaieran irakurritako oharrean jakinarazi dutenez, larunbatean Madrilera joango dira, “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Estatuko herri guztietako pentsiodunen erakundeekin batera” egingo duen manifestaziora. “Aurten ere, pentsio publiko duinak eskatuko ditugu, eta pentsioen sistema publikoa bermatzea, murriztu eta pribatizatu nahi duen finantza-sistemaren erasoen aurrean”.
EHPMren esanetan, “nahiz eta egia den gure mobilizazioekin azken urteetako pentsio erreformetan jasotako murrizketa batzuk iraultzea lortzen ari garela, egia da, halaber, gure osasun, arreta eta zaintza eskubidearekin negozioa egin nahi dutenek pentsio-sistema publikoaren prestazioak murriztera behartuta jarraitzen dutela, kapitalizazio-sistema pribatu bihurtzea errazteko; 12/2022 erreformak bultzatutako EPPen adibide gisa”.
Honela, larunbatean, “Madrilen berretsi egingo dugu duela sei urte baino gehiagotik eskatzen ditugun aldarrikapenen alde borrokatzen jarraitzeko borondatea. Banaketa-pentsioen sistema publikoa ez dago erabat bermatuta, 2011tik hona egindako erreformen ondorioz. Soldatak nabarmen hobetzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen dugu”.
Bestalde, “gutxieneko pentsioen balioa ez handitzeaz gain, Lan Gutxieneko Soldatatik gero eta urrunago dago. Ez dago inolako aitzakiarik gutxieneko pentsioa Lan Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko, eta helburu horrekin aldarrikatzen dugu berehala ezartzea 1080 euroko gutxieneko pentsioa. Genero-arrakalak lan prekarioak eta aitortu gabeko zaintza-lanak egiten dituzten emakumeak pobrezian kokatzen dituzten pentsioetara kondenatzen jarraitzen du. Oraindik ez dira betetzen Legez edo Legez Bezteko Proiektu (LBP) bidez hartutako konpromisoak, hala nola Gizarte Segurantzaren kontuen auditoretza egitea edo 40 urteko edo gehiagoko kotizazioa duen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea”.
Era berean, “pentsioen birjarpen-tasak behera egiten” jarraitzen duela diote: “2011koa bezalako erreformen aplikazioagatik; CEOE/CEPYMEk, CCOOk eta UGTk 2024ko uztailaren 31n sinatutako akordioan jasotako arrazoiengatik; akordio horrek erretiro-adina are gehiago desarautzen du, eta prekarizatutako sektoreak lana eta pentsioa partekatzera kondenatzen ditu. Edo Prebentzio Zerbitzu Publikoan hartu beharreko neurrien balorazioa AIREF bezalako erakundeen esku uzteak dakartzan arriskuak”.
Azkenik, “esan behar dugu hori gertatzen den bitartean, Elma Saiz Delgado egungo Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak ez diola erantzuten gure bilera-eskaerari. Horregatik guztiagatik, Estatuko herri eta komunitateetako plataforma eta mugimenduek, Ekintza Pentsiodunerako Unitatean koordinatuta, entzunak izatea eta gure eskaerei erantzutea eskatzen dugu. Badakigu gure borrokak emaitzak lortzen dituela, eta borrokan jarraituko dugu gure belaunaldiak
eta hurrengo belaunaldiek bizi-baldintza duinak izateko eskubidea bermatuta izan dezaten”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren 7. urteurrena eta Herri Ekimen Legegilearen kanpaina finantzatzeko Arabar Errioxako ardoa jarri dute salgai pentsiodunek eta jubilatuek. Lau, hamabi eta sei botilatako (Lurrekoa, Zuria, Bihotzekoa eta Kutuna) loteak jarri dituzte salgai. Astelehenetako elkarretaratzeetan egin daitezke eskaerak.