Hine enpresak 50 urte lantegia familiei irekita ospatu ditu
Larunbatean egin zuten festa giroko ospakizuna, langileekin eta haien sendiekin.
Egoitza Olaberrian daukan Hine enpresak 50 urte bete ditu aurten. Larunbatean ospatu zuten mendeurreneko festa, lantegi aurrean jarritako karpa erraldoi batean langileak eta familiak elkartuta. Enpresaren ateak ireki zizkieten gonbidatuei, bertan zer lan eta nola egiten duten erakusteko. Goizean hasi eta arratsaldera arte, haurrentzako puzgarriak eta jolasak, magia ikuskizuna, antzerkia, eta joan ziren guztientzat hamaiketakoa eta zozketak jarri zituzten. Erromeria ere egin zuten.
Hinek ekainean Donostiako Tabakaleran egin zuen 50. urteurreneko ekitaldi instituzionala. Gaur egun, Goierrin eta munduan zehar dituen sei lantegietan 728 langile dituela eta urtean 200 milioi euroko fakturazioa dutela esan du. Industriarako sistema eta osagai hidraulikoak ekoizten ditu, baita hozte sistemak ere. Energia berriztagarrien sektorean asko sartu da azken urteotan. 1974an sortu zuten Hine Pello Gibelalde eta Itziar Arrizabalaga senar-emazteek, Olaberriko Ihurre auzoko pabiloi batean.