Legorretako Gau Beltzean Oriar jauregiko misterioa
Mari Angeles Garrancho, Eneko Garmendia eta Nagore Sanchez legorretarrek ‘Gau Beltza’ liburua argitaratu dute Erein argitaletxearekin.
Iaz Legorretan antolatu zuten Gau Beltzean du jatorria Mari Angeles Garrancho, Eneko Garmendia eta Nagore Sanchez legorretarrek sortu duten Gau Beltza liburuak. Zehazki, gazte eta helduentzat prestatu zuten ihes-gelan. «Lehen aldia da Legorretan Gau Beltza ospatzen dela. Jare, Maren, Lier eta Aner gazteak gogotsu daude. Gau zirraragarria izango da, baina ez haiek imajinatu bezalakoa: Oriar Jauregi zaharrean giltzapetu ditu norbaitek! Jauregitik atera ahal izateko, hainbat proba gainditu beharko dituzte. Onik aterako al dira lau lagunak?», dio sinopsiak.
Ihes-gela baten egitura jarraitzen du liburuak. Lau protagonistak abandonatutako jauregi batean harrapatuta geldituko dira eta proba batzuk gainditu beharko dituzte handik ateratzeko. Misterioa, intriga liburua da, 6-14 urteko irakurleei zuzendua. «Irakurketa oso entretenigarria da, jolas baten modukoa».
Liburuko lau protagonistei, idazleen seme-alaben izenak jarri dizkiete, haiei omenaldia egin nahi izan baitiete. Izan ere, aurretik elkar ezagutzen baziren ere, haurrak eta parkeak elkartu ditu Garrancho, Garmendia eta Sanchez. “Duela urtebete, Legorretan Euskal Herriko sustraietan oinarritutako Gau Beltza antolatu genuen, tartean ihes-gela. Herrian oso harrera ona izan zuen eta hortik sortu zen ipuina idazteko ideia», dio Nagore Sanchezek. Urtebetera iritsi da emaitza.
Amaia Torres ilustratzaileak jarri dizkio irudiak. Irudi errealak dira gainera, Legorretara hurbiltzen direnek ezagutuko dituztenak. Pertsonaiak irudikatzeko ere, iazko ekitaldia hartu du oinarri. «Gertutasuna ematen du horrek», dio Torresek. «Ihes gelaren formatua asko gustatu zait. Pistak irudietan daude. Aurrera eta atzera joan daiteke, gauzak leku batean daude zerbaitengatik».
Baloreak
Transmisio lana egin nahi izan dute legorretarrek, garai batean Euskal Herrian egiten zen Gau Beltzari erreferentzia eginez. «Herrian ikusi genuen beste kultura batzuk sartzen hasi zirela eta guk apustua egin genuen, gure aitona-amonen kontakizunak jaso eta transmisioa egiteko. Gure sustraietan oinarritua dago». Horrekin batera, beste balio batzuk ere landu nahi dituzte liburuarekin: talde lanaren garrantzia, enpatia, euskara, beldurrak gainditzeko estrategiak…
Ikastetxeetan Gau Beltza lantzeko tresna baliagarria izango delakoan daude legorretarrak. Unitate didaktikoa sortu ere dute, «liburuarekin lotura zuzena duena». Eta jolas interaktiboa ere bai, irakurzaletasuna bultzatzeko. Modu ludikoan garatzeko. Ariketa desberdinak egiteko».
Erein argitaletxearekin argitaratu dute liburua eta emaitzarekin gustura daude Garrancho, Garmendia eta Sanchez. Liburu dendetan salgai dago eta Durango Azokan egongo direla aurreratu dute.