Mendi Festibalaren beste bi emanaldi aste honetan
Nieves Gil, Lucia Guichot eta Mikel Saez de Urabain izango dira aste honetako gonbidatuak.
Beasaingo Mendi Festibalaren 17. edizioak aurrera darrai. Iragan astean eman zioten hasiera, bi emanaldirekin, eta aste honetan, beste bi saio izango dira.
Astearte (hilak 22) arratsaldean, Nieves Gil eta Lucia Guichot mendigoizaleak izango dira Historias de cordadas ikus-entzunezkoa aurkezten. Goi mendietan izan duten ibilbidea kontatuko dute, Pakistango Karakorumen, Trangoko dorreetan Eternal Flame-era egindako azken igoeraz mintzatuko dira bereziki.
Laugarren emanaldian, asteazkenean (hilak 23), Mikel Saez de Urabain mendigoizale-eskalatzaile entzutetsua izango da Bhagirathi III, hego mendebaldeko ertza ikus-entzunezkoa aurkezten. Jose Maria Andres de La Torre madrildarrarekin, Alex Kammerlander tenerifearrarekin eta Ruben Perez Blazquez errioxarrarekin batera egindako espedizioa izango da muina.
Usurbe antzokian izango dira emanaldiak, 19:30ean hasita.